Amurrioko Emakumeon* Sareak lokal berria estreinatuko du Villa Fen igandean. Sare feminista 2022. urtean sortu zen eta ordutik herriko emakume orok parte hartzeko espazioa da. Hauen beharrak identifikatu eta ekintzak egitea du helburu. Inaugurazioa dela eta, goizeko egitaraua prestatu dute sarearen urteko programazioaren aurkezpena egiteko. Herriko emakumeak "saretzea” da ekintzaren helburu nagusia.
Jarduera 11:00etan hasiko da emakume artisauen azokarekin. Olaja Art, Lok.artz, Maied Urrutia Parra, Esther Martin, Leike, Txoko Txikiak, Sara Najera, Eider Garcia, Kalena, Romekina eta UnstoppablebyGA sortzaileak egongo dira. Bertan bitxiak, osagarriak, buztinezko lanak, margolanak eta bestelako lanak ezagutu eta erosi ahal izango dira.
Ondoren, 12:00etan, sarearen aurkezpena eta hurrengo hilabeteetan egingo dituzten ekintzak azalduko dituzte. Bertan parte hartzen duten emakumeek proposamenak, ideiak eta ikusten dituzten beharrak bota ahalko dituzte.
13:15ean Akorde Ahots Taldeak kontzertua emango du eta mokadu bat egongo da. Topaketa 14:00etan amaituko da.