New Yorkeko maratotik itzuli berria da Toño Solis amurrioarra. Bizitza osoan kirol desberdinak praktikatu ostean, duela hamar urte ekin zion Solisek maratoietan buru belarri lehiatzeari. Amurrioarraren senideak Aiaraldea Komunikabidearkein jarri dira harremanetan, Solisen esperientzia partekatzeko.
World Marathon Majors
Honezkero ugariak dira Toño Solisek egin dituen maratoiak, eta horietako batzuk hainbatetan errepikatu ditu.
World Marathon Majors zerrenda osatzen duten munduko sei maratoi nagusiak egitea du helburu amurrioarrak: Tokioko maratoia, Bostongo maratoia, Londreseko maratoia, Berlingo maratoia, Chicagoko maratoia eta New Yorkeko maratoia. Berlingoa eta New Yorkekoa kolkoratu ditu honezkero, eta datorren urteko erronkei begira jarri da atsedenerako tarterik gabe. “Sasoi betean dago, asko entrenatzen du”, azaldu diote Solisen senideek Aiaraldea Komunikabideari.
Maratoiaren atarian
Hilabete luzetako entrenamenduen ostean urriko azken egunetan abiatu ziren Amurriotik Ameriketako Estatu Batuetako hiri ezagunera, maratoiaren aurretik hiria ezagutu eta lasterketan parte hartuko zuten euskal delegazioko gainerako kideekin elkartzeko. Azaroaren 3an ospatu zen maratoia, eta ordurako urduritasuna oso agerikoa zela adierazi dute Solisen gertukoek. 42 kilometroko lasterketaren abiapuntua Staten Islanden izan zuten maratoian parte hartu zuten 55.000 lagunek. Hoteletik atera ziren unetik irteera lerrora iritsi ziren arte bost ordu behar izan zituztela azaldu dute Toño Solisen familiakideek; “hori beste maratoi bat da, urduritasunarena”. “Antolakuntza maila izugarria da. Pentsa hainbetse pertsonako lasterketa bat ondo ateratzeko zenbat boluntarioren lana beharrezkoa den”, azaldu dute Solisen gertukoek. Hain maratoi ezaguna izanik, ez da erraza parte-hartzaileen artean sartzea. Dortsalak soilik 600 dalar balio ditu, eta oso zaila da eskuratzea.
New Yorkeko zubiak
“Zubiek egiten dute berezi New Yorkeko maratoia”. Hala aldarrikatu dute Solisen senideek. Izan ere, hiriko zubi ezagunenak zeharkatzen ditu lasterketak, eta korrikalariek desnibel aldaketei egin behar diete aurre. Ikusle eta zaleen presentzia ere nabarmendu dute Solisen senideek. “Bi milioi pertsonek jarraitzen dute maratoia, animo oihuak etengabeak dira. Ez dago ikuslerik gabeko metro bakar bat ere ez”.
Ikurriña eskutan eta Athleticeko elastikoa soinean gurutzatu zuen Toño Solisek Central Parkeko helmuga. New Yorkeko maratoia atzean utzita, datorren urteko lasterketetarako prestatzea du zeregin nagusia.