Mendiko Eskolako estalkia eraikitzeko proiektua hautatu dute Arabako Foru Aldundiko aurrekontu parte hartzaileetan

Erredakzioa 2024ko abe. 5a, 15:00

Estalkiaren aldeko bozak sustatzeko kanpaina egin zuten.

Araba osoan boza gehien jaso duen egitasmoa izan da, 1.116 herritarren babesa eskuratu baitu.

Gasteiztarrak ez diren arabarrek aukera izan zuten urritik azarora bitartean lurralde historikoko aurrekontu parte hartzaileetan iritzia emateko. Izan ere, Aldundiak dirua bideratzen du horretara, eskualde bakoitzeko proiektu bana babesteko. 2025eko edizioan Amurrioko Mendiko Eskola izan da egitasmorik bozkatuena eta, ondorioz, diruz lagunduko du erakunde foralak.

Eskolako jolastokian estalkia jartzeko proposamenak 1.116 boza jaso ditu eta Aiarako Kuadrillako gainerakoak gainditu ez ezik, beste eskualdekoak baino babes zabalagoa eskuratu du. Izan ere, Soxogutiko errota hidraulikoa eraberritzeko eta Arespalditzan bolatokia eraikitzeko proiektuek ez dituzte lortu exijitutako gutxieneko botoak, Amurrioko Mendiko Eskolakoak kopuru hori ia bikoiztu duen bitartean.

Babes gehien jaso duten ekimenak honakoak iza dira: Añanako udal- eta foru-kudeaketako eguneko zentroaren ingurua urbanizatu nahi duena eta Mendialdean Zumalde parkean altzariak berritzea eta ingurumena eraberritzea ekarriko duena, 352 eta 113 bozekin, hurrenez hurren.

Mendiko Eskolak berak horrela deskribatu zuen bere asmoa: "Ekimen honek funtzio anitzeko espazio bat sortu nahi du, eskola-komunitateari eta bertako biztanleei mesede egingo diena. Estalkiak patioaren erdialdetik eraikin nagusiaren fatxadaraino hartuko luke, eta alboetatik irekitako egitura diseinatua izango luke. Estalki horrek eragin nabarmena izango luke ikasleen eguneroko bizitzan, eta babestutako eremu bat eskainiko luke, bai egun bero eta eguzkitsuetan, bai euritsuetan. Aire zabaleko jarduerak egitea ahalbidetuko luke, haien garapen fisikoa eta soziala sustatuz. Gainera, kontzertuetarako, antzerki-ikuskizunetarako, merkatuetarako, herri-bazkarietarako eta beste jarduera batzuetarako erabili daiteke, hala nola Oporretan Euskaraz ekimenean (uztailean egiten da eta haurrak besarkatzen dira) eta egoiliarren gizarte-loturak indartzeko. Alboetatik irekitako egiturak aireztapen egokia eta ingurunearekiko konexio-sentsazioa bermatuko lituzke".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide