Hiru urte bete ditu Amurrioko Masa Kritikoak. 2021eko abenduan herriko txirrindulari talde batek bizikletak hartu eta errepidera ateratzea erabaki zuen, bizikletek trafikoan duten espazioa eta presentzia aldarrikatu eta txirrindulariei ikusgarritasuna emateko asmoz. Ordutik hilabeteko lehen ostiralero elkartu dira, hutsik egin gabe. Jai-giroan, musika lagun, bizikleta zein patinen gainean eta inolako lehiakortasunik gabe, hilabetez hilabete geroz eta gehiago dira ekimenera batzen doazenak.
Mugimendu globala
Mugimendu global baten lekukoa izan da Amurrion hartu dutena. Masa Kritikoa 1992an jaio zen AEBko San Francisco hirian. Mugimendu espontaneo bezala sortu zen, eta horrela hedatu da mundu zabalean. Hilabetean behin munduko ehunka hiritan milaka txirrindulari batzen dira, elkarrekin pedalei eragin eta bizikletaren espazioa aldarrikatzeko; eta, noski, baita Amurrion ere. "Inolako gidaritzarik gabeko mugimendua da, erabat anonimoa eta espontaneoa", azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari bertan parte hartzen duten zenbait erabiltzailek.
Ez da protesta bat, ez da manifestazio bat, ez dute inolako eskaera zehatzik: "Ez da manifestazio bat, ez du antolakuntzarik; pertsonak, gazteak, nagusiak... bizikletan ibiltzea soilik". Ekimenaren izaera espontaneoan jarri dute azpimarra Amurrioko bizikleta erabiltzaileek. Txirrindulari masa handia elkartu eta bizikletak trafikoan merezi duen espazioa aldarrikatzea dute xede: “Auto pilaketak egoten dira maiz, eta horiei ez diegu manifestazio deitzen”. Argi eta garbi aldarrikatu dute: “Ez dugu trafikoa oztopatzen, trafikoa gara”. Horregatik, bizikleta “arau” duen herria nahi dute, "eta ez salbuespen".
Mugimendua hedatzen
Egitasmoaren hirugarren urteurrenarekin bat eginez, mugimendu globalari bultzada berri bat eman nahi izan diote Amurrioko Masa Kritikoaren baitan elkartzen diren txirrindulariek. Abenduaren 6an egun osoko egitarauarekin ospatu zuten urteurrena, eta hiru urte hauetan lehendabizikoz Amurriotik atera eta Laudioraino eraman zuten mugikortasun eredu jasangarriago baten aldeko aldarria. Gauzak hala, musikaz, kolorez eta umore onez lotu zituzten Laudioko Herriko plaza eta Luiaondo eta Amurrio arteko bidea.
Egun osoko ospakizunen ostean, ez zioten hutsik egin hilabeteko hitzordu nagusiari. Arratsaldeko zortziak eta laurdenetan Guk eskulturatik puntual abiatu zen Masa Kritikoa, mugikortasun eredu jasangarriago baten alde.
Urtarrilean ere, berriro elkartuko dira ordu eta toki berdinean. Bizikletan ibiltzen den edonork du ekimenean parte hartzeko aukera, “eguneroko ibilgailuaren erabilera hilabetean behin ospatzeko”.
Argazkiak: Aimar Gutierrez Bidarte