Asteburuko eguraldia petrala izan den arren, giro ona nagusitu da Saratxoko jaietako jarduera guztietan. Jai Batzordeko kideen hitzetan, “betiko elkartasun eta umore onarekin” egin diote aurre eguraldiari, baita igande goizeko mendi ibilaldian ere. Parte hartzaileek euri zaparradak jasan behar izan zituzten tarteka, “baina helmugan salda beroa eta hirugihar bokata zituzten egindako esfortzua saritzeko”.
Ostiralean hasi ziren jaiak. Mezaren ostean kontzertua eskaini zuten Amurrioko Musika Eskolako irakasle eta ikasleek, eta ikusleek “oilo-ipurdiarekin” amaitu zuten abesti batzuetan. “Arratsaldean ume zein nagusiok Bego Alabazanek itzal txinatarren bitartez antzeztutako Jonny Cold Feet ipuin irlandarrarekin disfrutatu genuen. Jonnyk erakutsi zigun beldurra soilik goseari izan behar zaiola!”, kontatu dute festaren antolatzaileek.
Larunbat, aldiz, jende ugari bildu zen herri bazkarian eta ondorengo bingoan. 530 euro bildu zituzten guztira Valentziako uholdeengatik kaltetutako pertsonei emateko. Gauzak hala, eskerrak eman dizkiete asteburuko ekintzetan parte hartu duten bizilagunei. “Datorren urtean berriro ikusiko dugu elkar. Gora herritik eta herriarentzat egindako jaiak!".
Argazkiak: Saratxoko Jai Batzordea