Ritmo Amurrio performance interaktiboa garatuko du Bambi artista amurrioarrak La Casonan datorren abenduaren 13an. Goizetik arratsaldera egongo da bertan, "ikuslearen eta artistaren arteko erlazioak analizatzen".
Performance jaialdi baterako pentsatu eta sortutako pieza sorterrira ekarriko du Bambik. "Ez nintzen inoiz garatzera heldu, ulertu nuelako esanahia galtzen zuela bere testuingurutik kanpo; hau da, Amurriotik kanpo", azaldu dio sortzaile gazteak Aiaraldea Komunikabideari.
Marina Abramovic
Marina Abramovic serbiar artistan oinarrituta dago Ritmo Amurrio pieza. Hain zuzen ere, Abramovicen performance ezagunenetako batetik atera du izena Bambik. "Niri gehien eragin didan artistetako bat izan da", azaldu du amurrioarrak.
"Landa-eremura artea ekartzea ezinbestekoa dela deritzot, eremu kosmopolitetatik ateratzea"
Arestian aipatu bezala, ikuslearen eta artistaren arteko erlazioak aztertzea du helburu performanceak. "Oso pieza interaktiboa da", ziurtatu du Bambik, "ikusleak eurak izango dira protagonista nagusiak". Hortik haratago ere, artistek herriekin duten harremanean ere sakondu nahi izan du: "Landa-eremura artea ekartzea ezinbestekoa dela deritzot, eremu kosmopolitetatik ateratzea".
Artearen indar terapeutikoa
Beldur eta ezinegonei aurre egiteko tresna da Ritmo Amurrio performancea Bambirentzat, eta arteak duen gaitasun terapeutikoan sakondu nahi izan du. "Ni orokorrean ez naiz oso seguru sentitu inoiz Amurrion, are gutxiago azken boladan. Oso interesgarria iruditu zait modu honetan jendaurrean azaltzea, nire beldurrei aurre egiteko".
Herritar orori luzatu dio Bambik performancearen parte izateko gonbita. Abenduaren 13an, ostirala, 12:00etatik 20:00etara egongo da Amurrioko La casona eraikinean.