“Urrats bakoitzak balio du: ibili bizitzaren alde” lelopean egingo dira aurten VI. 16 ordu Non-Stop eta VIII. Babio Igoera, abenduaren 23an eta 24an. Aurrekoetan bezala, Babioren gailurra izango da protagonista.
16 orduko Non-Stop erronka abenduaren 23an hasiko da, 18:00etan, Amurrioko Juan de Urrutia plazan. Orduro Babioko gailurrera 16 orduz jarraian igotzea izango da erronka. Antolatzaileek azaldu dute 5 kilometroko igoera, 5 kilometroko jaitsiera eta 400 metrotako desnibel positiboa duela ibilbideak eta oso erraza dela.
Parte hartzeko Euskal Mendi Federazioaren webgunean eman behar da izena da, izen-abizenak, NANa eta irteera ordua adieraziz. Igoera bakoitzeko 10 euroko dohaintza egingo da, eta Minbiziaren Aurkako Fundazioari emango zaio osotasunean. Gainera, izena ematen duten lehenengo 500 pertsonek opari bat jasoko dute.
Gailurrean, gau osoan zehar, hornidura txiki bat egongo da, ibilbidea behar bezala seinaleztatuta egongo da eta gaueko orduetan derrigorrezkoa izango da argia erabiltzea. Eguraldia kontuan hartuta arropa eta oinetako egokiak erabiltzea gomendatu dute antolakuntzatik. Bestalde, 20:00etatik aurrera musika egongo da plazan. Dantzaldiak irauten duen bitartean, txosna solidarioaz gain, hornidura ere egongo da erronkan parte hartu duten guztientzat.
Abenduaren 24an hasiko da VII. Babio Igoera, 10:00etan Juan Urrutia plazatik. Igoera horretan Montes Solidarios eta Ezina Ekinez Egina elkarteek hartuko dute parte. Irabazi-asmorik gabeko erakundeak dira biak eta aniztasun funtzionala duten pertsonei zuzendutako mendiko jarduerak sustatzen eta antolatzen dituzte. Horretarako, pertsona itsuen eta ikusmen txikia duten herritarren mendiko gidaritzan trebatutako pertsonak daude, baita joëlette aulkia erabiltzen eta gidatzen dutenak ere, mugikortasun mugatuko pertsonak edozein eremutatik eramanez.
Babiora denak elkarrekin igoko dira, eta Olentzero zain izango dute aurten ere. Ondoren, hamaiketakoa egingo da Juan Urrutia plazan. Amaitzeko, hainbat elkartek emandako produktuen zozketa egingo da.
Bildutako dirua Arabako Minbiziaren Aurkako Elkartearentzat
Aurreko edizio arrakastatsuan 6000 euro inguru bildu ziren hainbat eragilerentzat, hala nola AFARABArentzat (alzheimerraren eta beste dementzia batzuen aurka borrokatzen duen elkartea), Euskal Herriko Down Sindromearen Fundazioarentzat, Adela Euskal Herriarentzat, Mendi Solidarioentzat… Aurten, bildutako diru guztia Arabako Minbiziaren Aurkako Elkarteari emango zaio.
Berrikuntza: elkarte, negozio edo enpresen ekarpena
16 orduko erronkaren igoerak bultzatu nahi ditu antolakuntzak. Horretarako, nahi duen elkarte, negozio edo enpresa orok 40 euroko prezioa duen igoera bat erosi ahal izango du. Diru hori ere izango da Minbiziaren Aurkako Elkartearentzat. Interesdunak amurriotrail@gmail.com posta elektronikoaren bidez edo 699838126 (Maria) telefonoaren bidez jarri daitezke harremanetan antolatzaileekin.