Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren igoeraren aurka mobilizatzeari ekin diote Amurrion

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko abe. 10a, 17:00

Jende ugari elkartu zen Facebook bidez zabaldutako deialdian. / Aiaraldea.eus

Deialdi herritar batek dozenaka lagun batu zituen atzo Amurrioko Parkean, Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren aurka protestatzeko. Salatu zutenez, hainbat bizilagunei %20 igo diete zerga.

Sare sozialetan zabaldutako bilkurak arrakasta izan zuen atzo. Hogeita hamar bat lagun elkartu ziren Amurrioko Parkean, Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren (OHZ) igoeraren aurka protestatzeko. Patxi Castro amurrioarrak Facebookeko No eres de Amurrio orrian zabaldu zuen deialdia. "Jende gehiago elkartu zitekeen baina eguraldiak ez du laguntzen. Garrantzitsua da honen aurka mobilizatzea", adierazi zion Castrok Aiaraldea Komunikabideari elkarretaratzea hasi berritan.

"Ez gara antolakunde bat, herritar soilak gara. Gaiaren inguruan hitz egiten hasi eta zerbait egin behar genuela ondorioztatu genuen", adierazi du Patxi Castrok. "Jendeak OHZren igoeraren berri izatea nahi genuen, askotan oharkabean pasatzen baitira igoera hauek".

Elkarretaratzean salatu zutenez "Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga %20 igo da herritar askorentzat". Igoera hori "lotsagarritzat" jo zuen Castrok: "Ez dute %5 igo, ez, %20 igo da. KPIaren igoeraren oso gainetik. Ez gaude igoera horrekin ados, eta Udalak azalpenak ematea nahi dugu".

Ekimen gehiago

Etorkizun hurbilean egingo dituzten ekimen eta mobilizazioen lehen urratsa izan zen atzoko bilkura. Patxi Castrok azaldutakoaren arabera, jendea entzun eta erabakiak adostea izan zuten helburu atzo.

Gaur bertan Castrok adierazi du sare sozialetan udalarekin jarri dela harremanetan eta alkatearen idazkariak iragarri diola ez dela berarekin bilduko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide