Amurrioko EH Bilduren udal-taldeak udalerriko aurrekontuetan txertatzeko proposamenak aurkeztu dizkio udal-gobernuari, "gazteentzako etxebizitza, ingurumena eta trantsizio ekosoziala eta batzar administratiboen finantzazioa ardatz hartuta".
Talde politikoak ohar baten bidez azaldu duenez, "EH Bilduk negoziaziorako gune bat ireki nahiko luke udal gobernuarekin, bere proposamenek aurrekontuak hobetzen dituztelakoan". Adierazi dutenez, "herritarren arazoei eta premia larrienei ikuspegi integral batetik helduko dieten ekimenak dira, Amurrio solidarioago, jasangarriago eta inklusiboago baten eraikuntzan aurrera egiteko".
Etxebizitzari dagokionez, EH Bilduk proposatu du Amurrioko etxebizitza hutsen azterketa egitea, "Amurriok eta Euskal Herriak bizi duten etxebizitza-larrialdiari aurre egiteko lehen pauso gisa", eta baita gazteen emantzipaziorako dirulaguntza gehiago ematea ere. Horrekin batera, etxebizitzaren gaineko zerga berrikustea ere proposatu dute, "etxeak merkatura ateratzea errazteko", edota Eusko Jaurlaritzari lurzoru publikoa lagatzea, "Amurrion bertan etxebizitzak eraiki ditzan". Gazteriari begirako neurriak dira batez ere, eta horiei begira ere laguntza eta prebentzio psikologikorako zerbitzua indartzea proposatu du udal-taldeak.
Etxebizitza hutsen zerrenda osatzea eta horien gaineko zergak berrikustea eskatu du oposizioko taldeak, besteak beste.
Trantsizio ekosoziala EH Bilduren lehentasunetako bat dela nabarmendu du koalizioak. Ildo horretan, "Amurrioko behar energetikoen azterketa egitea eta enpresen kartoi eta plastiko bilketa berrezartzea" proposatu dute. Gainera, ortu eta lur banku komunitarioak sortzea ere eskatu dute, baita Izarza eta Aresketamendi gune naturalak berreskuratzea ere.
Amurrioko Batzar Administratiboei ere garrantzia eman nahi izan die EH Bilduk, eta horretarako proposatu dute "haientzako diru-partida handitzea eta partida horren banaketa sistema berria ezartzea", besteak beste.
Bestelako proposamenak
Kulturari dagokionez, tokiko artistei laguntzea eta antzokiko egitarauan ekoizpen propioak sartzea proposatu dute, "kultura eta kirol inklusiboa eta eskuragarria izateko". Azpiegituretan ere hobekuntzak eskatu dituzte, esaterako, parkean gune babestua eraikitzea, komun publiko gehiago jartzea edota errepideak asfaltatzea.
Azkenik, udal-funtzionamenduan, gizarte-zerbitzuak indartzea eskatu dute, lanpostuen balorazioa egitearekin eta euskara sailean baliabideak inbertitzearekin batera, besteak beste.