Arabako Minbiziaren Aurkako Elkartearentzako izango da Babioko VIII. igoeran biltzen den dirua

Elene Abaroa Zorrozua 2024ko abe. 18a, 11:50

Atzo izan zen VIII. Babio igoeraren aurkezpena. / Aiaraldea.eus

Abenduaren 23an hasiko da erronka eta 24ean amaituko da, “Urrats bakoitzak balio du: ibili bizitzaren alde” lelopean.

Amurrion VIII. Babio igoera aurkeztu dute eta 16 ordu Non-stop arituko dira abenduaren 23 eta 24an, “Urrats bakoitzak balio du: ibili bizitzaren alde” lelopean. Aurten biltzen den dirua Arabako Minbiziaren Aurkako Elkartearentzako izango da. “Oso eskertuta gaude laguntza honengatik” adierazi du elkarteko ordezkariak. Laguntza psikologikoa, soziala eta material ortoprotesikoen bilketa egiten dute elkartean, tailerrak eta hitzaldiak antolatzeaz gain. Amurrion, esaterako, astelehenero egiten dute saio bat psikologo batekin. Horrelako ekintzak aurrera eramateko baliatuko dute dirua. Axier Vivanco, Amurrio Trail taldeko kideak, bere aldetik, azpimarratu du ezinbestekoa dela gaixotasun hau ikertzeko dirua lortzea.  

Abenduaren 23an hasiko da 16 ordu Non-stop erronka, 18:00etan. Juan de Urrutia plazatik abiatuko da eta helburua izango da ordu bakoitzean Babioko gailurrera igoera bat egitea. Orotara, hamar kilometrokoa izango da ibilbidea. Parte hartzeko Euskal Mendi Federazioaren webgunean eman beharko da izena, esteka honetan. Igoera bakoitzeko 10€ ordaindu beharko dira eta izena ematen duten lehen 500 pertsonek opari bat jasoko dute.

Ibilbidea seinaleztatuta egongo da baina gauean argia erabiltzea beharrezkoa izango da. Gailurrean eta plazan hornidura egongo da parte-hartzaileentzat. Plazan 20:00etatik aurrera kontzertuak egongo dira Sabin Guaresti, Belgorri eta DJ Varroren eskutik, eta txosna solidarioa ere izango da. 

Azken igoera abenduaren 24ean hasiko da 10:00etan Juan de Urrutia plazatik. Bertan Montes Solidarios eta Ezina Ekinez Egina elkarteek hartuko dute parte, aniztasun funtzionala duten pertsonentzako mendi jarduerak egiten dituzte biek. Joëlette aulkiekin eta pertsona itsuentzako norabide-barrekin igoko dira. Olentzero ere bertan egongo da eguberriari hasiera emateko. Ekintza amaitzeko hamaiketakoa egongo da plazan. 

Aurreko edizioan 6000€ inguru bildu zituzten AFARABArentzat, alzheimerraren eta beste dementzia batzuen aurka borrokatzen duen elkartearentzat. Hona hemen bideoa:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide