Musika jaialdi berria izango du Aiaraldeak datorren urtean, eta ez da nolanahikoa izango. Aiara Fest jaialdiaren lehenengo edizioak musika agendaren erdigunean jarriko du Amurrio. Euskal Herriko zein kanpoko puntako musikariak eta taldeak elkartuko dira bertan, maiatzaren 30 eta 31n.
Gaur egin dute jaialdiaren aurkezpena, Amurrioko udaletxeko areto nagusian. Aiara Zuzenean elkartea dago ekimenaren atzetik eta, nabarmendu dutenez, aurkeztu berri duten kartela iragartzeke dauden sorpresen aurrerapena baino ez da.
Zetak, Gorka Urbizu, Zea Mays, Gatibu edota El Canijo de Jerez elkartuko dira, besteak beste, Amurrion ospatuko den AIARA FEST musika jaialdian
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) December 18, 2024
Maiatzaren 30 eta 31n izango da jaialdia, El Refor Kirol-gunean
https://t.co/321oa6dkWx pic.twitter.com/KhVJROr9uT
Izen handiak
Punta-puntako bandekin osatu dute jaialdiko kartela. Euskal Herriko panorama musikaleko izen handiak igoko dira Aiara Festeko oholtzara: Gorka Urbizu, Zea Mays, Zetak edota Gatibu, beste askoren artean.
Eskualdeko musika eszenak ere izango du bere tokia aldarrikatzeko aukera. Izan ere, bere lehen diska kaleratu berri duen Zinkha taldeak kontzertua eskainiko du jaialdiaren barruan, eta baita Izatefaltsua beteranoak ere.
Euskal Herriko mugetatik kanpo ere etorriko dira musikariak. Izen ospetsuak elkartu dituzte antolatzaileek: Sexy Zebras, Travis Birds, El Canijo de Jerez, O'funk'illo eta Eskorzo, esaterako.
Hauek eta beste hainbat taldek osatuko dute kartela. Urtarrilean iragarriko dituzte banda gehiago, eta horietako bat "kartel burua" izango dela aurreratu dute.
Bi eguneko jaialdia
Kartela osatuko duten banda guztiak iragarri bitartean, jaialdiaren nondik norakoen xehetasun gehiago aurreratu dituzte. El Refor kirol-gunean izango dira kontzertuak, maiatzaren 30 eta 31n, bi eszenatokitan banatuta. Bi egun horietan 17:30ean egingo dute ate irekiera eta, musika eskaintza ez ezik, bestelako zerbitzuak egongo dira, tokiko produktuez hornitutako food-truck-ak tartean.
Sarrerak abenduaren 23an salgai
Jaialdiaz gozatzeko sarrerak abenduaren 23tik aurrera egongo dira salgai Internet bidez, Aiarafest.com eta Official Ticketing Partner, SeeTickes.es webguneetan. Abonu orokorrak 50 euroko prezioa izango du.
Jaialdiak, ordea, prezio berezian eskainiko dizkie abonuak 16 urtetik beherako gazteei, 15 eurotan. Antolatzaileek familiak bertaratzea sustatu nahi dute prezio berezi horrekin. Amurrioko bizilagunek ere prezio berezian eskuratu ahalko dute jaialdiko txartela, 40 euroren truke.