Juantxu Luja 74 urteko saratxoarra da. Eraikuntza izan da bere lanbide nagusia baina 1990. hamarkadan hasi zen idazten. Lehenengo hainbat aldizkaritan ibili zen eta 2018. urtean hasi zen liburuak argitaratzen. Azaroan bere laugarren lana argitaratu zuen, El último recital izenekoa.
2018. urtean Apreciando el vino ardoaren inguruko saiakera idatzi zuen. Ardoaren inguruko ikastaroak ematen ditu eta horren harira liburu bat idazteko proposatu zioten. Ondoren, nobela bat idazteko gogoa zuen eta argitaletxetik proposatu zioten jada idatzita zituen idazkiak bateratu eta eleberri bat idaztea. Misteriozko kontakizun beltza sortu zuen horrela, El escrito numero ocho izenekoa. Hirugarren liburua goitizenarekin eman zuen argitara, nobela erotikoa baitzen.
Aurten El Último recital izeneko nobela argitaratu du. Hau trilogia baten lehen zatia izango dela aurreratu du Lujak. Liburu honetako protagonista pianista famatu bat da. Honi, bere neba suizidatu egiten dela esaten diote baina hil egin dutela ohartzen da. Orduan, justizia bilatzearren, hiltzaile bihurtzen da eta sistema bat asmatzen du errudunak hiltzeko eta autopsiaren bidez nola hil den inork ez jakiteko.
Hori da liburuaren misterio nagusia. “Pertsonaia nagusiak transformazio bat du, pianojole izatetik hiltzaile izatera pasatzen da”, azaldu du idazleak.
Urtebete egon da nobela hau idazten eta duela hilabete argitaratu zuen. Momentuz harrera ona izan du liburuak. “Harrituta geratu naiz, askok esan didate oso arin irakurri dutela”, dio Juantxu Lujak. Liburuak idazteko gertakizun errealetatik abiatzen dela adierazi du saratxoarrak: “Gizarteko gaietatik abiatzen naiz liburuak idazteko eta ondoren nire istorio propioa sortzen dut fikzioarekin nahastuz”.
Liburua argitaletxearen webgunearen bidez eskuratu daiteke, esteka honetan.