Maila altuko atleten topaleku izango da Amurrio abenduaren 22an, Nazioarteko Krosaren VI. edizioan. Oinkariak Atletismo Taldea hilabeteak daramatza burubelarri igandeko hitzordua prestatzeko. Gaur egin dute krosaren aurkezpen ofiziala, eta xehetasunak eman dituzte.
Nazioarteko izaera
Aurtengo edizioarekin koska bat egin du gora Amurrioko krosak. Azken urteetan bezala, Espainia zein Europa mailako lasterketa izateaz gain, kirol hitzordua munduko krosen egutegian sartzea lortu dute. Izan ere World Athletics Silver aintzatespena lortu du probak. "Historian lehen aldiz nazioarteko izaera lortu du krosak, eta egutegi atletikoan hitzordu nabarmena bihurtu da", azaldu du Pablo Mas Oinkariak Taldeko kideak gaurko aurkezpen ekitaldian.
Amurrioko Krosak lortu duen maila entzutetsuaren adibide da lasterketek hainbat hedabideetan izango duten presentzia. ETB1ek zuzenean eskainiko ditu lasterketak; Teledeportek, aldiz, diferituan.
Maila guztientzako krosa
Pablo Masek "kros absolutu" bezala definitu du igandeko hitzordua: "kirolari orok du tokia". Atleta federatuentzako lasterketak ez ezik, lasterketa herrikoia ere antolatu dute, federatuta ez dauden eta parte hartu nahi duten korrikalarientzako. Era berean, eskola-kiroleko lasterketak egongo dira baita ere, Aiaraldeko haur eta gazteen parte hartze nabariarekin. Azkenik, lasterketa egokitua egingo dute, azken bi urteetan bezala, Basauriko Kavi Conde Atletismo Egokitutako Klubarekin elkarlanean.
Guztira 700 atleta espero dituzte Refor Kirolgunean. Oinkariak Taldeko kideak oso pozik azaldu dira krosak izan duen harrerarekin, eta baita urtez urteko hazkundearekin ere.
Nazioarteko kirolariak
Hainbat herrialdetatik iritsitako maila oso altuko kirolariak batuko dira Amurrioko Nazioarteko Krosean, igandeko ekitaldiari distira emango diotenak. Emakumezkoen mailan Majida Maayouf aguraindarra izango da protagonistetako bat. Maayouf Espainiako maratoi errekorra dauka eta iaz Espainiako kros txapelduna izan zen. Ekuadorretik Katherine Ruth Tisalema etorriko da, aurtengo Espainiako Kros Txapelketan 7. postua lortu zuen atleta. Portugaletik, Turkiatik eta Argentinatik ere bertaratuko dira kirolariak: Rita Figueiredo, Tugva Guveneç eta Maria Luz Resuri, hurrenez hurren.
Gizonezkoen mailan Amanuel Barhe Eritreako atleta eta Ayad Lamdassem Tokiko Joko Olinpikoetan bosgarren postua eskuratu zuen kirolaria egongo dira, beste askoren artean. Pablo Masek Urko Herran gasteiztarraren parte hartzea nabarmendu nahi izan du ere. Herranek lehen postua lortu zuen duela bi urte Amurrioko Nazioarteko Krosean, eta bigarrena iaz. Horrez gain, Maroko, Belgika edota Turkiako atletak ere egongo dira Reforren lehian.
Oinkariakeko kideek Amurrioko herritarrei luzatu diete krosa ikustera bertaratzeko gonbita: "Maila oso altuko kirol proba izango da, ohikoan hiri handietan egiten diren horietakoa".