Larunbatean Aiaraldeko futbol derbia egingo dute Basarten 17:00etan. Amurrio Cluba eta CD Laudio arituko dira aurrez aurre. Printzipioz, partidak ez dauka giro izugarri beroa, gutxienez aurretik, eta bi taldeak modu erosoan daude kokatuta sailkapenean. Amurrio Cluba laugarren doa sailkapen orokorrean eta CD Laudio, aldiz, seigarrena da.
Gauzak horrela, eta derbiak edozein unetan txinpartak sortu ahal dituen arren, aipagarriena da ohorezko sakea Kali Garrido eta Juan Carlos Rebollo jokalari ohiek egingo dutela. Biak aurrelariak izan ziren Amurrion eta oso jokalari garrantzitsuak dira. Pasilloa egingo diete gaur egungo jokalariek.
Kali Garrido CD Laudioko harrobian trebatu zen eta gero 2. mailako eta 2.B mailako hainbat taldetan jokatu zuen, Amurrio Cluba tartean. Hain zuzen, Basarteko taldearekin egonaldi luzeena egin zuen proiektu berean, 2003an fitxatu baitzuten eta 2007ra arte geratu baitzen.
Garrido Aiaraldeko kirol erreferentea izan zen hainbat urtez eta bere une gorenena kirol esparruan izan zen FC Barcelona kanporatzea Errege Kopan bere gol batekin, Figueres taldeko jokalaria izanik.
Juan Carlos Rebollok 2.B mailan jokatu zuen Amurrio Clubarekin bi denboralditan, 2002/2003 eta 2013/2014. Bitartean, Leganés, Eibar edota Mirandés taldeetan militatu zuen.