20 urte beteko dira aurten Amurrio Antzokiak bere ateak lehendabizikoz zabaldu zituenetik. Bi hamarkadetan eskualdeko erreferentziazko agertoki kulturala bilakatu da espazioa, eta ekintzaz beteriko programazioa prestatu dute urteurrena ospatzeko, datozen hilabeteetan luzatuko dena.
Urteurren galak badu data honezkero: martxoaren 24an ospatuko dute antzokiaren ibilbidea, baina oraindik ez dute ekitaldiaren xehetasunik eskaini. Bien bitartean, dantza, antzerkia, musika, zinema eta beste hainbat ikuskizunez bete dute agenda. Hain zuzen ere, urte osoko egitaraua jasotzen duen liburuxka banatu zuten urteko azken egunetan Amurrioko etxebizitzetan. Internet bidez ere kontsultatu daiteke programazio osatua.
Ekintza zaparrada
Urte hasierako bertso-saioarekin eta Ubuntu musikalarekin ekin zion programazioari Amurrio Antzokiak, eta larunbat honetan (urtarrilak 11) Kukai Dantza Taldearen Txalaparta ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da. Antton Telleria umoregileak ere bisitatuko du Amurrio urteko lehenengo hilabetean; urtarrilaren 18an Ninini bakarrizketa eskainita. Amets Arzallusen Miñan liburua taularatzeaz arduratu den Artedrama konpainiak, Ibrahimaren bizitza kontatzen duen antzerki pieza eskainiko du otsailaren 15ean. Jon Plazaolak eta Aitziber Garmendiak, aldiz, martxoaren 29an zapalduko dute Amurrio Antzokiko eszenatokia, Txalo Produkzioaken Arizona piezarekin. Konpainia berdinekoa da abenduaren 13an urteko antzerki programazioa itxiko duen obra: Amax.
Tokiko akotreak biltzen dituen Aimara Antzerki Taldeak ere presentzia nabaria izango du antzokiko programazioan. Otsailaren 7 eta 8an El público obra eskainiko du Amurrioko konpainiak, eta martxoaren 22an Antzerki Laburren XI. Jardunaldia antolatuko dute. Udazkenera begira ere jarri dira Aimara Antzerki Taldeko kideak, Antzerki Amaturraren Jardunaldiak egingo baitituzte orduan.
Musikari ezagunak
Musikak ere berebiziko espazioa izango du urteko programazio mamitsuan. Izen ezagunak hurbilduko dira Amurrio Antzokira 2025ean: Olatz Salvador azaroaren 29an edota Eñaut Elorrieta abenduaren 27an. Gainera, Aiaragazte Music Fest jaialdiaren lehenego edizioa ospatuko da urtarrilaren 25ean, eta Aiaraldeko hainbat musika banda gazteren topaleku izango da: 4 Bancos, Matx, Deriba, Belgorri eta Gwa Ya.
Gazteenek ere izango dute musikaz gozatzeko aukera. Otsailaren 22an Ene Kantak taldeak Bisonte-Mastodontearen Bila kontzertua eskainiko du, eta apirilaren 5ean Vitamin Producciones elkarteak Txiki Rock jaialdia taularatuko du.
Ekitaldi gehiago
Arestian aipatutako kontzertu eta antzerkiez aparte, dozenaka ekitaldiren aterpe izango da Amurrio Antzokia 2025ean. Batzuk urteroko zita bilakatu dira. Urrezko Guk sariaren gala martxoaren 15ean ospatuko dute, eta Mendiko Lagunak Taldeak azaroaren 13tik 16ra egingo du Mendi Jardunaldien edizio berria. Peio Rivas laudioarrak antolaturiko Gabonetako Magia Galak ere ez dio hutsik egin 2025eko programazioari.
Amurrio Antzokiko bazkideak
XX. urteurrenarekin batera, Amurrio Antzokiko bazkide figura berritu dute, "sarreren eta elkartekideen kudeaketa hobetzeko asmoz". Gauzak horrela, bazkidetza bakar batean batu dituzte deskontu guztiak eta, besteak beste, orain arteko zinebonoak desagertu egingo dira.
Gauzak horrela, urtean 9 euroko kuotaren truke Amurrio Antzokiko bazkideek 3 eurorainoko deskontuak eskuratuko dituzte programatutako ikuskizunetan edota zinema-saioetan. Gainera, emanaldietako sarreren erosketan lehentasuna eskainiko zaie bazkideei.