Ongizate digitalerako bidean trebakuntza jasotzeko aukera egongo da datorren astean Amurrion. Izan ere, asteazkenean eta ostiralean –hilaren 15ean eta 17an, alegia– bi prestakuntza-saio emango dituzte Antzokian. Biak ala biak 17:30ean hasiko dira eta ordu eta erdi eta bi ordu artean iraungo dute. Telmo Lazkano hezkuntzan eta osasun digitalean aditua izango da horiek ematearen arduraduna.
Ibilbide luzea du Lazkanok teknologiei buruzko aholkularitzan eta dibulgazioan, eta batez ere, sare sozialek eta pantailek gizartean, eta bereziki, nerabeengan duten eragina landu du, psikologia, teknologia eta pedagogia uztartuta.
Nerabeen garrasia liburuaren autorea ere bada. Maite Ormazabalekin batera idatzitako lana da hori eta nerabeen osasun mentalak azken garaiotan jasaten dituen aldaketak azaltzen ditu.
Sakelakoa eta sare sozialak hizpide Antzokian
Amurrion eskainiko duen lehenbiziko saioaren xedea telefono mugikorrarekin harreman osasuntsua lortzeko argibideak ematea izango da. Horretarako, gailu horiek nerabeengan izan ditzaketen arriskuak zein ohitura osasungarriak landuko dira. Era berean, beste esperientzia batzuetatik ikasteko aukera ere egongo da.
Bigarren saioan, aldiz, Lazkanok sare sozialen erabileran eta horien arriskuetan jarriko du arreta. Batez ere, teknologia berriek –eta bereziki sare sozialek– nerabeen osasun mentalean duten eragina aztertuko dute eta menpekotasun seinaleak identifikatzeko aholkuak emango dira.
Hori guztia modu dinamikoan garatuko da, azalpen teorikoak adibide praktikoekin tartekatuko baitira. Bertaratutakoek galderak eta zalantzak plazaratzeko aukera ere izango dute.