Atzo, urtarrilaren 11n, zendu zen Luis de Lezama apaiz, kazetari eta enpresaria Madrilgo Nafarroako Unibertsitate Klinikan ospitaleratuta zegoela eta Madrilgo Santa Maria la Blanca parrokian egingo dute hil-kapera.
Duela aste gutxi batzuk, Arabako Foru Aldundiak Arabako Domina eman zion apaiz, ostalari, hezitzaile eta kazetari gisa egindako "ibilbide nabarmenagatik", eta bereziki, pertsona zaurgarrienekin prestakuntzaren eta lanaren bidez izandako inplikazioagatik.
Luis de Lezamaren ibilbidea
Luis de Lezamak Indautxuko Jesuiten Ikastetxean egin zituen ikasketak eta, gero, Madrilera joan zen Ingeniaritza ikastera. 1955ean Elizbarrutiko Seminarioan sartu zen Teologia eta Filosofia ikasteko, eta 1962an apaiztu zen. Bere lehen parrokian, Chinchonen, langileen eta gazteen egoerak hobetzeko hainbat ekimen bultzatu zituen.
1974an, Madrilen, Alabardero taberna sortu zuen, Lezama Taldearen lehena izango zena, gizarte-ekonomiako enpresa-eredu berritzaile baten abiapuntu.
Lezamak 22 jatetxe sortu ditu, gazteei lan-aukerak eta prestakuntza eskaintzen dietenak. Horien artean, Estatu Batuetan ere badira batzuk, eta bere jaioterrian bertan, Lezaman, Iruraitz baserria eraberritu zuen jatetxe eta landetxe bilakatzeko.
Hezkuntza-proiektuei dagokienez, 1993an Sevillako Ostalaritza Goi Eskola sortu zuen, eta 2007an Ostalaritzako Goi Mailako Ikasketa Irekiak eratu zituen. 2009an, Madrilgo Santa Maria La Blanca ikastetxea sortu zuen, hezkuntza berritzailearen adibide. Lezamaren azken proiektu garrantzitsua Gastronomia eta Turismo Zientzien Unibertsitatea sortzea izan da.
Politikaren munduan ez du bereziki parte hartu nahi izan apaiz amurrioarrak, baina Trantsizioan Vicente Enrique Tarancon kardinalaren idazkaria izan zen, eta horrek garrantzia izan zuen Eliza frankismoaren eraginetik bereizteko.