
Aurten San Anton jaia ostiralean ospatuko dute Baranbion (ohikoan larunbatean egiten dute) eta arratsaldea eta gaua hartuko dute horretarako.
Nola ez, osagai nagusia antzinako pospolo enkantea izango da 21:00etan, zeinean pospolo bat pizten den jendeak bere eskaintza egin dezan produktua eskuratzeko (afaria, janaria, ardoa...). Eskaintza egiten duenak ardo tragoa hartzen du jarraian eta beste norbaitek enkantera batzeko asmoa badauka aurreko eskaintza hobetzeko, beste pospolo bat pizten da. Horrela jarraitzen dute loteak jabea izan arte.
Aldaketa gehiago
Eguna ez ezik, aurten beste aldaketa bat ere txertatu dute. Afaria egin ordez, parrillada antolatu dute 20:00etan San Anton elizan. Aurretik, umeentzako eta helduentzako igel toka txapelketa egingo dute (18:00etan eta 19:00etan, hurrenez hurren), 22:45ean irrintzi lehiaketa abiatuko dute eta 23:00etan erromeria hasiko da.