Hitzordu garrantzitsua du Naizenek larunbatean. Izan ere, elkartea osatzen duten familiak Amurrion elkartuko dira 10 urteko ibilbidea ospatzeko. Bertan izango dira ere urte hauetan zehar elkartea babestu duten zenbait ordezkari politikoak, beste elkarte batzuetako kideak, profesionalak eta eragileak.
Ekitaldian, Naizen sariak banatuko dituzte, "haurtzaro eta nerabezaro transen bizitza kalitatea hobetzen lagundu duten horien lana aitortzeko sortutakoak", alegia. Aurten, Kattalingune eta Harrotu zerbitzu nafarretako sexologoen lana aitortuko dute, "murrizketen gainetik, jende askorentzat bidelagun zoragarriak izaten eta arreta guneetara hurbiltzen direnei informazioa ematen jarraitzen dutelako". Gainera, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak ere sarituko dituzte, elkartearen bidelagun izan baitira hainbat ekitaldi eta kanpainetan, eta euren material eta emanaldietan ikusarazi dutelako haur transen errealitatea.
Haur eta gazte transexualitatearen inguruko Nazioarteko Biltzarra
Sari banaketaz gain, maiatzean Bilbon izango den Haur eta gazte transexualitatearen inguruko Nazioarteko Biltzarra ere emango dute ezagutzera larunbateko ekitaldian. Elkarteak adierazi duenez, "aurrekaririk gabeko kongresu akademiko honek Europa osoko ikerketa eta eskuhartze lanetan ari diren maila handiko profesionalak bilduko ditu". Haur eta gazteekin lan egiten duten arlo ezberdinetako profesionalei zuzenduta egongo da, baina ongi etorria izango da "bidelagun izan nahi eta ebidentzia zientifikotik lan egin nahi duen edozein".
Biltzarrean izena eman daiteke horretarako sortutako webgunean.