Bakardadeari aurre egiteko telefono zerbitzua martxan jarri dute Amurrion

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko otsailaren 6a

Nagusi tabernan dago erabilgarri telefono zerbitzua. / Aiaraldea.eus

Atzo egin zuten ekimenaren aurkezpena Amurrioko pertsona edadetuen topaleku den Nagusi tabernan.

Bakardadeari aurre egiteko telefono kabina izango du aurrerantzean Amurriok. Atzo egin zuten azpiegituraren inaugurazioa herriko pertsona edadetuen topaleku den Nagusi tabernan. Nagusilanek bultzatuta, 'Zilarrezko Haria' proiektua landa-eremura hurbiltzeko ekimena da honakoa.

'Zilarrezko Haria'

Bakardade egoeran dauden pertsona nagusiak laguntzeko programa da 'Zilarrezko Haria'. Programa horren bidez, Nagusilan sareko boluntarioek 900 713 771 telefonora egindako deiak artatzen dituzte. "Bakarrik sentitzen bazara, behar duzunaz hitz egin dezakezu ahots lagun batekin, astean behin edo birritan", azaldu dute Amurrioko Nagusilaneko kideek.

Zilarrezko Harira egindako telefono deiak erabat anonimoak eta doakoak dira. Proiektua abian jarri zenetik Aiaraldeko hainbat erabiltzailek baliatu dute bakardadearen kontrako telefonoa. Gainera, Amurrioko Nagusilan sareko boluntarioek modu aktiboan parte hartu dute programa hedatzeko egitasmoetan.

Telefono kabina jarri dute Nagusi tabernan, ekimena jendarteratzeko.

Telefono kabina

Nagusi tabernan instalatutako telefono-kabinarekin, urrats bat gehiago egin nahi dute 'Zilarrezko Haria' programa ezagutarazteko bidean. Kabina barruan ekimenari buruzko informazioa topatuko dute herritarrek, bai eta programako boluntarioekin zuzenean konektatuta dagoen telefono bat ere.

"Kabinarekin egitasmoa ikusgarri egin nahi dugu. Landa-eremuan bizi diren pertsona nagusiek ere bakardadearen kontrako telefonoaren berri izan dezaten", azaldu dute Nagusilan sareko kideek.

Ekimena landa-eremutik gehiago zabaltzeko asmoz, Delikako eta Larrinbeko administrazio-batzarretara hurbilduko dute kabina datozen hilabeteetan, zerbitzua bertako bizilagunen eskura jartzeko.

Amurrioko La Caixa banketxearen bulegoak finantzatu du azpiegitura, La Caixaren Fundazioaren bidez. Bulegoko langileak atzoko inauguraziora bertaratu, eta gisa honetako egitasmoetan ekarpena egiteaz harro azaldu ziren.

Nagusilaneko kideek ere eskertu egin zuten La Caixaren ekarpena, eta boluntario gehiago aktibatzeko beharra azpimarratzeko baliatu zuten kabinaren instalazioa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide