Amurrioko Udalak jakinarazi du %73,13ko igoera ezarri beharko duela zaborren zergan hurrengo urtean, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko 7/2022 Legearen ekonomia zirkularrerako irizpideak betetzeko. Izan ere, araudia jarraiki, hondakinen bilketa zerbitzuak ezingo du zorrik sortu.
Gauzak horrela, 2026an Amurrioko familia bakoitzak 130,75 euro ordainduko ditu. Orain 77,03 eurokoa da zerbitzuaren prezioa.
Eskualdeko udal guztiek eguneratu beharko dituzte euren prezioak, baina Udalak erabaki du arauaren aplikazio-marjina aprobetxatzea eta igoera Arabako beste udalerri batzuek baino urtebete gehiago atzeratzea.
Tasaren arauetan bestelako aldaketak ere ezarri ditu tokiko erakundeak. Adibidez, konpostaje komunitarioan parte hartzen duten familiek %10eko hobaria izango dute. Udalak aldarrikatu du Aiarako Kuadrillako lehen erakundea izan dela neurri hori hartzen.
Horrez gain, tasa ordaintzetik salbuetsita egongo dira beren etxebizitzan nahigabeko sute baten ondorioz bizi ezin diren pertsonak. Kaltetutako herritarrek ez dute tasa hori ordaindu beharko hiru urteko epean, ezbeharraren berri frogagarria izan eta hurrengo urtetik aurrera, higiezinaren erabilera etxebizitza gisa egokituko duen birgaitzea egin arte.