
Asperger Sindromearen Nazioarteko Eguna da gaurkoa, eta elkartasun ekimena prestatu du Amurrioko Udalak horren harira. Izan Amurrio merkatarien elkartea izan du bidelagun, material solidarioa salgai jartzeko, “Asperger sindromea duten pertsonei eta haien familiei laguntzeko dirua biltzeko” helburuarekin. Zehazki, Aspertxu elkartearen giltzariak eskuratu daitezke.
"Funtsezkoa da gizarte gisa aurrera egitea Asperger duten pertsonen ulermenean eta laguntzan”. Hala aldarrikatu du Laura Fernandez Gizarte Ekintzako zinegotziak, eta nabarmendu du Udalak konpromisoa hartu duela “inklusioa sustatzeko eta pertsona guztientzako aukera berdintasuna bermatzeko neurriak bultzatzeko”.
Aspertxu elkartearen giltzariak jarri dituzte salgai Amurrioko Udalak eta Izan Amurriok.
Tokiko erakundeak aitortu du administrazio publikoek ez dutela Asperger sindromea duten pertsonak artatzeko “baliabide eta programa egokirik” eta, horregatik, “erakunde espezializatuek” hartzen dutela euren gain pertsona horiek “eskubideak defendatzeko eta ongizatea bermatzeko erantzukizuna”.
Udalaren aburuz, eskolako eta laneko jazarpena “errealitate kezkagarria” dira kolektibo horrentzat, eta “ondorio sakonak” uzten dituzte “garapen personal eta profesionalean”.
Horrez gain, langabezia tasan ere jarri du begirada tokiko erakundeak, Asperger sindromea duten pertsonen %84 egoera horretan dagoela nabarmenduta, “erdi-mailako eta goi-mailako prestakuntza izan arren”.
Protokoloak eta legeak eguneratzeko deia
Gauzak hala, “protokoloak eta legeak eguneratzeko” deia luzatu diete Udalak zein Izan Amurriok administrazio publikoei. "Ezin dugu onartu ezagutza eta baliabide faltak kolektibo horren aukerak mugatzen jarraitzea”, nabarmendu du Fernandezek, “gure ardura da, administrazio publiko gisa, bizi-kalitatea hobetzeko babes-, prestakuntza- eta kontzientziazio-guneak sortzea".