Ziklo-kros denboraldia bukatu berri duzu, nola baloratzen duzu?
Junior lehengo urteko ziklo-kros denboraldia egin dut eta espero nuena baino askoz hobeto atera da. Azkenean, lehenengo urtea izanik, aldaketa nabari da, baina ondo ibili naiz, ondo moldatu naiz kategoriara eta oso gustura egon naiz.
Espainiako Selekzioak deitu zaitu Junior kategoriako Nazioen Kopan parte hartzeko, nola hartu duzu hautaketa?
Denboraldia hasteko modu hoberik ez dagoela uste dut, ezustekoa izan da niretzat, oraindik junior moduan errepideko denboraldia hasi ez dudalako. Oso hunkituta nago, estarrato —asfaltatu gabeko bideak— nahikotxo dagoelako eta hori asko gustatzen zait.
Hain gaztea izanik, asko mugitzen zara lasterketetara, nola bizi duzu hori?
Esperientzia polita da, leku berriak ezagutzen ditudalako. Baina nik ez nuen espero Belgikara edo Herbereetara joatea, adibidez, eta esperientzia oso aberasgarria izan da.
Urtarrilean Movistar taldearekin entrenatu zara, hau da, profesionalekin aritu zara, nolakoa izan da esperientzia?
Ikaragarria izan da, inondik inora ez nuen espero aukera hau izan nezakeela. Azkenean, haiekin egoteak motibazioa ematen dizu hurrengo denboraldian, eta orokorrean entrenatzen jarraitzeko.
Zer egin duzue? Zertan nabaritu duzu aldaketa?
Entrenamenduak luzeagoak dira, aldaketa ez da hainbeste nabari intentsitatean baizik eta iraupenean. Testak ere egiten dira, eta hori ere berria da. Baina bestela ez dago aldaketa gehiagorik.
Zer moduz moldatu zara txirrindulari profesionalekin? Ezagutzen zenituen? Baten batek ezustean harrapatu zaitu zentzuren batean?
Espero nuena baino hobeto moldatu naiz, azken finean, telebistan ikusten nituen eta pentsatzen nuen “nola hitz egingo dut nik horiekin?” baina oso ondo moldatu gara eta oso gustura egon naiz. Oso jatorrak dira denak.
“Nire lorpen handiena Aiarako Biran irabaztea izan zen, etxeko lasterketa izanik beti ateratzen zara presio puntu horrekin”
Zer espero duzu entrenamendu saio horietatik? Alde batetik zure errendimenduari dagokionez, eta bestetik etorkizunera begira.
Nire errendimendua handitu joan dela uste dut; izan ere, testak egitean ateratzen diren emaitzetatik zure entrenatzaileak bere lana moldatu dezake zuk ere hobetu dezazun.
Laster abiatuko duzu errepide denboraldia, zeintzuk dira zure helburuak?
Errepidean egia da aldaketa nabarmena dagoela, baina uste dut entrenamenduetako emaitzak eta nire gorputza nola ikusten ari naizen kontuan hartuta, ondo joango dela. Nire helburua, lehenik eta behin, beti da disfrutatzea, bai taldekideekin eta bai lasterketetan, eta bestea etorriko da.
Zeintzuk izan dira zure lorpen nagusiak errepidean?
Nire lorpen handienetarikoa Aiarako Biran irabaztea izan zen, etxeko lasterketa izanik beti ateratzen zara presio puntu horrekin. Izan ere, ezagutzen zaituen jendea dago eta pentsatzen duzu “ondo egin behar dut”. Baina Aiarako Bira lortzea oso polita izan zen, ezagutzen zaituen jendearen aurrean irabazten duzulako eta zure eskualdean. Baita ere, oso lorpen handia izan zen Espainiako Txapelketan irabaztea taldekako erlojupekoan. Egia esan, guk bageneukan hori markatuta; izan ere, aurreko urtean ere taldeak irabazi zuen eta hori mantendu nahi genuen.
Zein nahiago duzu, errepidea edo ziklo-krosa? Zergatik?
Galdera zaila da hori! Ez nuke jakingo zein aukeratu, biek ematen dizkidate gauzak onak. Ziklo-kroseko giroa ezberdina da, kategoria guztietako kideak elkarrekin gaudelako eta elkar ezagutzen dugu. Errepidean jubenilak eta kadeteak gaude bakarrik, eta guztiak gara neskak. Ezberdina da, eta biek dituzte alderdi onak.
Hainbat taldetan aritu zara oso gaztea izan arren. Zer ikasi duzu talde bakoitzean? (Laudion, Aiaran, Baquen...)
Amurrion hasi nintzen eta gero joan nintzen Laudiora eskola kategorietan, bertan lagun onak egin nituen eta esperientzia politak bizi izan nituen, Euskadiko Txapelketak irabaztea lortu nuen errepidean, BTTan, eta ginkanan. Horrek nolabait markatu ninduen. Aiaran, neska bakarra nintzen eta ni bakarrik egotea mutilekin arraro samarra zen, beste taldeetan mutilak eta neskak bakoitza bere aldetik doaz, baina garai hori horrela bizitzea ere polita izan zen.
Baquen ere lasterketa onak eta txarrak egon dira, baina guztiak izan dira aberasgarriak.
Nola hasi zinen kirol honetan?
Ni berrogeialdi garaian hasi nintzen. Egun batean deitu eta esan zidaten “gaur ginkana dago, nahi baduzu etorri probatzera”, eta hala egin nuen. Egia esan, zaletasuna beti izan dut, txikitatik, nire aitarekin ateratzen bainitzen txirrindulaz ibiltzera. Nik amari esaten nion txirrindulaz ibili nahi nuela, baina berak ez zuen nahi, arriskutsua zelakoan edo. Azkenean, baietz esan zuen eta probatzera joan nintzen. Gustuko nuela ikusi nuen eta geroztik ez naiz gelditu.