Papua Ginea Berrian zaude lanean, nola iritsi zara bertara?
Papuakoa den nire lagun batek berarekin oporrak pasatzera gonbidatu ninduen duela bi hilabete. Iritsi nintzen lehenengo egunean, maleta ez desegiteko esan zidan, eta berarekin urpekaritza-ontzi batera joateko. Itsasontzian urpekaritza irakasleak behar zituzten, eta halako batean gauzak guztiz aldatu zitzaizkidan. Ez nago oporretan, lan egiten baizik.
Beraz, bi hilabete beranduago, hemen jarraitzen dut itsasontzian, hamabi pertsonako itsasontzi batean zuzendari gisa eta hamaika tripulazio nire ardurapean.
Urpekaritza eskolak ematen dituzu, nolakoa da zure eguneroko jarduna? Zer funtzio bete behar dituzu?
Normalean gure itsasontzira datozen bezeroak urpekaritza-titulu aurreratu batekin datorren jendea izaten da, eta gu nabigatzen bakarrik aritzen gara. Azken bi bidaietan bi ikastaro aurreratu egin behar izan ditut esperientzia osoaz gozatu ahal izateko. Eta, beno, itsasontziko bizitza oso zirraragarria da; izan ere, 24 orduz eta astean zazpi egunez etengabe egoten naiz bezeroen beharrei erantzuten eta giro polita sortzen saiatzen, esperientzia ona izan dezaten.
Normalean goizeko 6:00etan jaikitzen gara 6:30ean urpekaritzako lehen puntuaren azalpena ematen dugu eta goizeko 7:00etan lehenengo urperatzea egiten dugu. Horren ostena gosaldu egiten dugu. 10:30ean hurrengo urpekaritza puntuaren azalpena egiten da eta goizeko 11:00etan uretara salto egiten dugu. Siesta txiki baten ondoren arratsaldeko 15:00etan azken urperaketa egiten dugu. Imajinatu nola bukatzen dugun eguna... Batzuetan, laugarren murgiltze bat ere egiten da arratsaldeko 19:00etan, gauekoa, alegia.
Lehen esan dudan bezala, bezeroen beharrei erantzun behar diet, baita itsasontzian sortzen diren arazo guztiei ere, hala nola ponpak edo sorgailua konpontzeari edo ekipoekin sortzen diren arazoei.

Munduko txoko askotan egin duzu urpekaritza. Zer dute Papuako urek berezi? Zer nolako gauzak aurkitu daitezke bertan?
Leku askotan murgildu naiz munduan zehar, eta beti entzun izan dut Raja Ampat (Papua) urpekaritzaren azken paradisua deitzen dutela. Tokiari buruzko argazkiak eta bideoak ikusiak nituen, eta bertan egoteko gogo handia nuen. Iritsi eta lanean geratzeko aukera eman zidatenean, ez nuen izan zalantzarik. Izan ere, itsasontzian egin nuen lehen bidaian konprobatu nuen bertoko koralek sekula ikusi ez nuen edertasuna zutela.
Han aurki ditzakegu manta ozeanikoak, marrazo grisak... eta urpekaritza-puntu batzuetan 350 animalia espezie baino gehiago aurki daitezke. Urpekaritza puntu horiek Guinness errekorren liburuan erregistratuta daude, hala nola Cape Krin. Izan ere, papuarrek oso arau murriztaile sendoak dituzte ingurunearen kontserbazioari dagokionez. Debekatuta dago sare- eta arraste-arrantza, eta koralezko arrezifeetatik kanpo baino ezin dute arrantza egin, autokontsumorako.

Nolakoa da Papuako gizartea? Zer desberdintasun ditu Euskal herriko gizartearekin?
Leku honetan jarraitzeko gehien motibatzen nauen gauzetako bat bertakoak dira. Denboraren % 90 haiekin pasatzen dut, Bahasa hizkuntza ikasten nabil eta oso jend eatsegina dira. Bertoko tradizio, bizi-erritmo eta hizkuntzek ez dute zer ikusirik inguruko gainerako uharte eta herrialdeekin.
Kolonizatzaile holandarrak 1969an erretiratu ziren eta Papua Indonesiaren esku utzi zuten, herriari zer nahi zuen galdetu gabe. Jakartako gobernuak bertokoen aurkako errepresio erregimen oso indartsua ezarri zuen, OPM bezalako mugimendu independentistak sortzen hasi zirelako, Indonesiarekiko independenteak izan nahi zutela aldarrikatzeko.
Guk bizi izan dugun egoera azalduz ere, oso enpatiko agertzen dira nirekin, eta ateak zabal-zabalik uzten dizkidate. Gaur egun, gerrillak daude Papua erdialdean, eta oraindik ere gatazka dago. Izan ere, Papua oso aberatsa da mineraletan. gainera elikagai ekoizlea garrantzitsua da Indonesiarentzat. Hori dela eta, Jakartako gobernuak ez die independiente izaten utziko.

Zer proiektu dituzu etorkizunera begira? Baduzu Amurriora epe laburran beultatzeko asmoriK?
Plan bat buruan izan gabe etorri nintzen, eta, egia esan, dena nahiko ondo ateratzen ari zait, ekainera arte egotea eskatu didate. Beraz, orain, lanean ari naizen enpresak nola funtzionatzen duen ondo dakidanez, apirilean lehen jende taldea antolatuko dut inguruan espedizioak egiteko. Gero, behe-denboraldia hasten da, eta Elantxoben konpromiso bat daukat udako denboraldia bertan egiteko, Kontrakoa diurdien arren, Euskal Herria faltan botatzen dut.