
Urrats bat aurrera eman du Amurrioko Nagusien Kontseiluak adinekoekin lagunkoiak diren ostalaritza-establezimenduen sarea sortzeko bidean, eta udalerriko tabernei dei egin die sentsibilizazio kanpaina batean parte hartzeko. Hain zuzen ere, adinekoek ostalaritza-establezimenduetako komunak bertan kontsumitu gabe erabili ahal izatea da helburua.
Datozen egunotan, Adinekoen Kontseiluko ordezkaritza batek herriko tabernetan aurkeztuko du ekimena. Udalak adierazi duenez, "kanpaina honekin bat egiten duten tabernei sarrera libre hori adierazten duen logo bat emango zaie".
Ekimen handiago baten baitan kokatzen da kanpaina berri hau. Izan ere, 2022tik darama Amurrioko Nagusien Kontseiluak Udalarekin batera elkarlanean, sare komertzial oso bat sortzeko helburuarekin, ostalaritza eta merkataritza barne hartuko dituena eta adinekoen beharrekiko konprometitua izango dena.