Amurrioko Udalak 500 euroko hamar partaidetza sozial erosi ditu Indesa 2010 enpresan, eta entitateak sustatutako proiektuetan eta jardueretan modu aktiboan parte hartu ahal izango du orain. Modu horretan, Araban aniztasun funtzionala duten pertsonak laneratzearen aldeko konpromisoa berretsi nahi izan du tokiko erakundeak.
Arabako Foru Aldundiak 2010ean sortutako sozietate publiko bat da Indesa 2010, eta aniztasun funtzionala duten pertsonen laneratzea eta gizarteratzea du helburu. Hortaz, enplegu-aukerak sortzeko asmoz, dibertsitate funtzionala duten pertsonetara egokitutako enplegu egonkorra eskaintzen dute "garbiketaren, arropa-garbitegiaren, lorezaintzaren, sukaldaritzaren, industriaren eta beste zerbitzu batzuen sektoreetan".
Partaidetza sozialak erostean, Amurrioko Udalak sozietate publikoaren zerbitzuak kontratatu ahalko ditu, "udalaren baliabide propio eta zerbitzu instrumental gisa".
Zabaldutako oharrean adierazi bezala, Amurrioko Udaleko udalbatzak onartu du partaidetza horiek eskuratzea. Era berean, Udalak Indesa 2010 enpresaren Partaideen Erregistro-liburuan eta udalerriko Ondasun eta Eskubideen Inbentarioan duen partaidetza erregistratuko da.