Gazteentzako menuak banatuko ditu Amurrio Berrikusi elkarteak, udalerriko merkataritza dinamizatzeko

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko martxoaren 6a

Berrehun menu baino gehiago banatuko dituzte 16 eta 30 urteko gazteen artean.

Gazteentzako abantailak eskainiko dituen kanpaina batekin abiatuko du Amurrio Berrikusi elkarteak 2025eko jarduna. Berrehun menu baino gehiago banatuko dituzte merkataritza aplikazioa deskargatzen duten gazteen artean.

Amurrio Berrikusi elkarteak 2025eko lehenengo kanpaina jarriko du martxan aurki, udalerriko komertzio eta merkataritza sustatzeko helburuarekin. Lehenengo kanpaina hau, gainera, gazteentzako sari eta abantailaz beteta egongo da.

Gazte Menua izena jarri diote 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako Amurrio Berrikusiren dinamika berriari. Gazte Menua izeneko paketeak banatuko dituzte martxoaren 10etik apirilaren 30era bitarte Amurrio Berrikusi aplikazioa deskargatu eta bertan erregistratzen diren gazteen artean.

Pack horien barruan Amurrioko zenbait establezimendutan hanburgesa, ogitarteko edota sandwich bat eskuratzeko aukera izango dute gazteek, edari bat barne.

Behin aplikazioan izena emanda, Amurrioko La Casona eraikineko turismo-bulegora jo besterik ez dute egin beharko ekimenean parte hartu nahi duten gazteek.

Bertan, Amurrioko establezimenduetan Gazte Menuaren truke erabiltzeko txartel fisikoa eskuratuko dute. Txartel hori maiatzaren 18ra arte kontsumitu ahalko dute gazteek Atxubi Barrian, Alanbiken, DBH Gastrobar Iturrialden, Lasai Tabernan edota Fronton tabernan.

Ekimen gehiago

Abian jarritako egitasmo hau ez da izango Amurrio berrikusi elkarteak udalerriko komertzioa dinamizatzeko aurten egingo duen bakarra. Urte osoan beste hainbat jarduera aurreikusi dituzte, hala nola zozketak, ginkanak edota poltsen banaketa.

Urte osoan beste hainbat jarduera aurreikusi dituzte, hala nola zozketak, ginkanak edota poltsen banaketa.

Merkataritza dinamizatzeko helburuarekin ere, Amurrio de tienda en tienda podcast seriea argitaratu du elkarteak, non udalerriko merkatariek euren esperientziak partekatzen dituzten. Honezkero bost atal daude entzungai.

Izen berdinarekin, gazteentzako sormen lehiaketa antolatu du ere Amurrio Berrikusi elkarteak, 12 eta 18 urte bitarteko gazteen artean tokiko
merkataritzak duen garrantziari buruzko hausnarketa sustatzea helburu duena.

"Ekimen honetan, parte-hartzaileek helduentzako sormen-aholkuak diseinatu beharko dituzte, tokiko saltokietan erosketak sustatzeko, Instagrameko meme baten formatua erabiliz", azaldu dute elkarteko kideek. Martxoaren 10etik 23ra egongo da proposamenak bidaltzeko aukera.

Azkenik, martxoaren 31n "Gazteak + ekintzaileak, etorkizuneko merkataritza eraikitzen" ekitaldia egingo dute Kultur Etxean. Xabi Egia kazetariak dinamizatuta, gazteek eta merkatariek etorkizuneko merkataritza bultzatzeko esperientziak eta ideiak partekatuko dituzte, 17:30ean hasiko den mahai-inguruan.

Funtzio berriak aplikazioan

Amurrio Berrikusi aplikazioak ere berrikuntzekin hasi du 2025. urtea. Izan ere, hiru funtzionalitate berri gehitu dizkiote APPari.

Alde batetik Amurrion jarduten duten autobus lineen informazioa eskuratu ahalko da bertan: Usansoloko Ospitaleko konexioa eta Araba Busen 15 eta 16 lineak.

Renfeko aldirien tren-ordutegien kontsulta ere zuzenean egin ahalko da bertan. Azkenik, KZ Guneko ordutegiak eta ikastaroak kontsultatzeko aukera ere eskainiko du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide