Amurrioko udal langileak ordu laurdenez elkartzen hasi ziren ostiralean udaletxearen aurrean eta bi astean behin eutsiko diote mobilizazioari. Enpresa batzordeak salatu du mobilizazioen helburua dela Udalak behingoz negoziatzea lan baldintzak eta aurretik adostutakoa betetzea.
LAB, ELA eta ESAN sindikatuen aburuz, udal gobernu taldearen jarrera oztopatzailea da duela urteak hitzarmen kolektiboaren negoziazioan, eta eratutako mahaian "ez da ezer negoziatzen". Enpresa Batzordeak salatu du ez direla bete Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuak (EPOE-TREBEP) ezarritakoa, ezta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea (APEL-LPAC) eta UDALHITZ hitzarmeneko (2010etik berritu gabe dagoena) hainbat artikulu ere. Artikulu horiek negoziazio kolektiborako eskubidea eta ordezkaritza sindikalaren parte-hartzea bermatzen dutenak dira, nabarmendu dutenez.
Sindikatuen aldarrikapenak
Berez, mobilizatzeko deia langileen batzarrak egin du eta enpresa batzordeak guztiz babestu du egitasmoa.
Beharginen aldarrikapen nagusiak honako hauek dira:
- Lanpostuen Balorazio Integrala. Hau da, Udaleko lanpostu guztien balorazio objektiboa eta ekitatiboa izatea. Izan ere, sindikatuen iritziz, egiten ari diren balorazioak "partzialak eta diskrezionalak" dira. "Balorazio horiek langile talde txiki bati bakarrik egiten diete mesede, desberdintasunak sortuz", ziurtatu dute.
- Bidezko soldata-igoera: Lanpostu guztietarako soldata-igoera eskatzen dute sindikatuek, azken urteetan beharginek izandako bizi-kostuaren igoerarekin eta erosteko ahalmenaren galerarekin bat etorriz (%20koa 2010etik, euren kalkuluen arabera). Langile guztien soldata-baldintzak parekatu nahi dituzte, lanpostuak birsailkatzea barne, Lanbide Taldekoak bereziki.
- Goragoko kategoriako funtzioak esleitzea. Enpresa batzordeak adierazi du langile batzuk dagoeneko betetzen ari direla goragoko kategoriako funtzioak eta exijitzen dute hori aitortzea. Adibidez, administrari laguntzaileen kasuan eta LT-AP taldekoen artean. Horretarako, eginkizun horiek formalki esleitu eta dagokien ordainsaria eman beharko zaie.
- Plazen amortizazioa kentzea: Lan-kontratuko langileen kasuan, jarduera artistikoetan aritzen diren begiraleen kasuan zehazki, erretiroagatiko lanpostuaren amortizazioa kentzea aldarrikatu dute, zerbitzuen jarraikortasuna bermatzeko.
- Belaunaldien arteko errelebo plana: Belaunaldien arteko errelebo plana ezartzea proposatu dute, erretiro aurreratuak konpentsatzeko eta belaunaldi berriei ezagutzak eta esperientzia transmititzea bermatzeko.