50 urte txirrindularitza Amurrioko gazteen artean sustatzen

Aimar Gutierrez Bidarte 2025ko mar. 12a, 15:30

Amurrioko Txirrindularitza Eskolak 50 urte beteko ditu 2026an. Mende erdia ospatzeko kirolean aritu diren belaunaldi ezberdinetako kideak batzeko ahalegina egiten ari da kluba. Martxoaren 7an egin zuten lehenengo topaketa, irudi zaharrak eta pasadizoak biltzeko asmoz.

Urte berezia izango da 2026a Amurrio Txirrindulari Klubarentzat. Duela bost urte, pandemia betean, 50 urte bete zituen klubak, eta orain txirrindularitza eskolak beteko du mendeurrena.

Izan ere, 1976an sortu zuten klubeko kideek Amurrioko Txirrindularitza Eskola. Urte biziak izan ziren horiek tokiko txirrindularitza zaleentzat.  1978an Espainiako Itzuliak bere azken aurreko jardunaldia Amurrion bertan bukatuko baitzuen, KAS taldeko Txomin Perurenaren garaipen eta guzti.

Dokumentala grabatuko dute Txirrindularitza Eskolen 50. urteurrena ospatzeko

Hamaika belaunaldi

Gogotsu eta denboraz heldu nahi diote Amurrioko Txirrindularitza Eskolaren 50. urteurrenari. Lehen urratsarekin eskolak herriko txirrindularitzan utzitako, argazki, istorio eta bestelako materiala biltzea dute helburu.

Horretarako, belaunaldiz, belaunaldi, topaketak antolatzeari ekin diote Amurrio Txirrindulari Klubak Matiasen duen lokalean. Orain arte bildutako materialarekin erakusketa txikia antolatu dute egoitzan, eta topaketaz topaketa material hori handitzea da urteurrenaren antolaketan murgilduta dauden kideen asmoa.

Klubeko kideek deia luzatu nahi izan diote inoiz txirrindularitza eskolako kide izan diren pertsona orori, klubarekin harremanetan jarri eta urteurrenaren prestaketan aletxoa jartzeko.

Bigarren helburu bat badute ere antolatzeari ekin dioten belaunaldi arteko topaketekin: dokumentala grabatzea. Txemi Llano  bideo-ekoizle eta txirrindularitza zale amurrioarra dabil ikus-entzunezko piezaren sorkuntzaren atzean.

Datorren urtean estreinatuko dute lana, Amurrio Antzokian egingo duten 50. urteurren jaialdian. Lehenengo urratsek fruitua eman dute, eta honezkero 150 lagun baino gehiago elkartu dira urteurrena antolatzeko WhatsApp taldean. Datozen hilabeteetan definituko dute 2026ko egutegia.

Sasoi betean

Sasoi betean dago txirrindularitza Amurrion. Gaur gaurkoz berrogeita hamar gaztek baino gehiagok osatzen dute txirrindularitza eskola. Xabi Alonso entrenatzailea baikor agertu da kirolak herrian duen etorkizunarekin.

Ordea, Araban antolakuntza falta dela aitortu du: "Kirola asko praktikatzen da, baina Arabako talde asko ahul daude". Datorren urteko ospakizunak egoera irauli eta Amurriotik kanpo ere txirrindularitza praktikatzera bultzatu nahi ditu belaunaldi berriak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide