Kultur sorkuntza Aiaraldean

"Bilboko Konpartsen konplizitaterik gabe, 'Jone batzuetan' filma ez litzateke existituko"

Aitor Aspuru Saez 2025ko mar. 19a, 08:00

Kevin Iglesias, bigarrena ezkerretik, Malagako zinema jaialdiaren aurkezpenean.

Kevin Iglesias ekoizle amurrioarrak estreinatu duen azken filma erronka berezia izan da bere esparrutik. Izan ere, Jone batzuetan pelikula Bilboko Aste Nagusian grabatu zuten, txosnagunean eta hainbat kaletan. Larunbatean Malagako zinema jaialdian aurkeztu zuten lana, sekzio ofizialean lehiatzeko.

Jone batzuetan filma larunbatean aurkeztu zuten Malagako zinema jaialdian. Sara Fantovaren lehen pelikula luzea erronka itzela izan da produkzioaren aldetik eta horri aurre egin dion arduradunetako bat Kevin Iglesias amurrioarra izan da. Iglesiasek berak azaldu du proiektuak ez zuela baliabide askorik, baina gabezia hori bertute bilakatu dute proiektu kolektibo, komunitarioa eta parte hartzailea sortuta.

Horretarako, Bilboko Konpartsak izan dituzte bidelagun, bereziki, Kaskagorri -protagonista txosna horren konpartsakidea da eta-. Halaber, beste hainbat elkarte eta talderen babesa jaso du Iglesiasek proiektua burutu ahal izateko.

Aste Nagusia, filmaren beste protagonista bat

Jone batzuetan osagai horiekin grabatzeak alde onak eta zailagoak izan ditu, Kevin Iglesiasek azaldu duen moduan: "Ezin duzu Aste Nagusian kaleak moztu, musika kendu, isiltasuna eskatu, baina aldi berean, guretzat merezi du "prezio" hau ordaintzea. Izan ere, Aste Nagusia filmaren nortasunaren elementu erabakigarria da".

Horrela, Iglesiasek eta bere taldeak oztopoak abantailak bilakatu dituzte: "Filmaketa tradizional bat egiteko ezintasuna filmaren bertute batean bihurtu da: txupinazoan gertatzen dena, benetan gertatzen ari zen. Konpartsan eta Alde Zaharrean gertatzen diren pasarteak benetan gertatzen ari ziren".

Ekoizlearen iritziz, horrek balio erantsia ematen dio pelikulari: "Guk 'bizitza' honen barruan gure pertsonaiak 'integratu' egin ditugu, errealitatearekin mimetizatu gara. Honen ondorioz, filma 'bizirik' dago, egia sentitzen da".

Beste Bilbo bat, postaletik at

Amurrioarrak azpimarratu du komunitatearen elkartasunari esker grabatu ahal izan dutela Jone batzuetan eta horrek, aldi berean, bestelako hiria islatu duela: "Horrela izan da filmaren arimak hauxe eskatzen zuelako. Aldi berean, guretzat oso polita da filme hau Euskaditik kanpo partekatzea. Gure ustez, filmak erakusten duen Bilboko hiria estatuan ez da ezaguna, beste Bilbo bat deskubrituko dute kanpoan. Alegia, Guggenheim, Alhondiga eta Bilbo urbanita eta kosmopolitatik desmarkatzen den Bilbo bat. Bazterrean dagoen Bilbo bat: Bilbo Zaharra auzoaren hiria, Aste Nagusi parte hartzailea, eskaintza turistiko eta postaletik desmarkatzen den errealitate bat ikusi ahal da filman".

Istorioa

Aste Nagusia protagonistetako bat da, baina ez bakarra, ezta handiena ere. Izan ere, pertsonaia nagusia Jone da, 20 urteko gazte bat. Uda erdian bere lehenengo amodioari egingo dio aurre, bere aitaren gaixotasunaren (parkinsona) erralitatea pairatzen duen bitartean.

Filmak euskara eta gaztelera uztartzen ditu eta Bilboko hainbat txoko eta egoera ezagunetan girotuta dago: Alde Zaharra, Bilbo Zaharra, Arriaga plaza, San Frantzisko kalea...

Momentuz, zinema aretora heltzeko data ez da zabaldu, baina jadanik badauka Malagako zinema jaialdiaren izendapena filma onenaren kategorian.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!