Garrastatxuko baseliza, 'Sacamantecas' filmaren eszenatoki

Aimar Gutierrez Bidarte 2025ko mar. 18a, 12:57

David Perez Sañudoren 'Sacamantecas' filmaren grabaketa amaierara iritsi da. Pelikulak XIX. mendeko Araba du ardatz eta, besteak beste, Garrastatxun grabatu dute. Baranbiora bertaratu ginen zuzendari bilbotarraren azken lana bertatik bertara ezagutzeko.

Produkzio handia da David Perez Sañudoren Sacamantecas filma. Azken Erromantikoak eta Ane pelikulen zuzendaria genero intimista alde batera utzi eta thriller batean murgildu da buru belarri. Istorioa XIX. mendeko Araban dago girotua, eta 'Sakamantecas' goitizenez ezagututako Juan Diaz de Garayo gasteiztarraren hilketak ditu ardatz. Gainera, garaiko euskarari ere presentzia nabaria eman nahi izan diote pelikulan, eta lan handia egin dute orduko euskalkia berreskuratzeko.

Izen ospetsuek osatzen dute filmaren aktore zerrenda; Antonio de la Torre, Patricia Lopez Arnaiz eta Josean Bengoetxea, besteak beste.

Filmaketa luzea

Hilabete luzez aritu da Sañudoren lan-taldea pelikula Arabako hainbat txokotan grabatzen. Polemikak ere inguratu egin du filmaketa. Izan ere, Gasteizko gotzainak galarazi egin zuen pelikula Santa Maria katedralaren barruan grabatzea. Urtarrilean, ordea, ekoizleek egoera bideratzea lortu zuten eta zenbait eszena grabatu zituzten gizateriaren ondare den katedral zaharrean.

Gasteizko alde zaharreko beste hainbat txokotan ere grabatu dute Sacamantecas. Aiaraldearaino ere iritsi da produkzioa. Hain zuzen, Baranbioko Garrastatxu baselizan grabatu zituzten hainbat eszena iragan udazkenean, bertako txokoa baliatuta. Aiaraldea Komunikabideak aukera izan zuen grabaketara bertaratu eta Sañudoren lan berria bertatik bertara ezagutzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!