Amurrioko Udalak ingurumen-artearen teknikari lotutako obra bat sortzeko deialdia abiarazi du udalerriko kultura-planaren baitan, “proiektu artistiko garaikideen garapena eta Amurrioko ondare ukigarri eta ukiezinaren balorizazioa” sustatzeko.
San Roke eta Elexazarreko aztarnategia lotzen dituen bidean esku-hartze artistiko bat egitea da deialdiaren xedea. Obra garatzeko, Land Art teknika erabiliko da, eta hortaz, landuko diren materialak naturalak izango dira, hala nola egurra, lurra, harriak, harea, haizea, arrokak edo ura.
Apirilaren 1etik 18ra dute artistek hautagaitza aurkezteko epea, Amurrioko Udaleko erregistroan. Administrazio-dokumentazioarekin eta curriculumarekin batera, proiektuaren dosier bat aurkeztu beharko da, honako hauek jasoko dituena:
- Proiektuaren izenburua eta garapena
- Behar teknikoak
- Gauzatzeko gutxi gorabeherako egutegia
- Aurrekontu banakatua, balizko finantzaketa-iturri osagarriak zehaztuta.