EUSKOTARRAK

“Kuadrillaren jarduna ez da karrozetara mugatzen, urte osoan zehar egiten ditugu ekintzak”

Txabi Alvarado Bañares 2025ko api. 3a, 08:00

Apirilaren 5ean ospatuko du urteurren jaia Euskotarrak kuadrillak. / Aiaraldea.eus

Euskotarrakeko hainbat belaunalditako kideak dira MARTIN ALVAREZ DE ISUSI, TXOTXE PLAZA, ALAITZ URRETA JIMENEZ, MERITXELL GARCIA HERNANDEZ, EKI GINEA BARALLOBRE eta ARRATE GINEA BARALLOBRE Amurrioko jai kuadrillaren 60. urteurrena ospatuko dute datorren apirilaren 5ean, egun osoko egitarauarekin.

Euskotarrak kuadrillaren 60. urteurrena ospatuko duzue aurten. Nolakoak izan ziren lehen urratsak?

Txotxe Plaza: Ez dira 60 urte beteko kuadrilla sortu zenetik, kuadrilla lehen aldiz atera zenetik baizik. 1965. urtean hasi zen dena, aldarrikapen batekin. Diktaduraren garaia zen: ezin zen ezer egin, ezin zen euskaraz hitz egin, ezin ziren euskarazko izenak jarri… eta Amurrion bazeuden arazoak. Horietako bat zen ur mozketak zeudela auzoetan. Europan gazteen mobilizazioak nagusitzen ari ziren garai horretan, eta urte horretako abuztuan atera ginen, hiltegitik hartutako adar batzuekin eta Jakoba izeneko asto batekin, urik ez zegoela zioen abesti bat kantatuz, horrela zioena: "Atururururu Atururururu, ya se ha muerto el burro, ya cayó redondo, que traigan el agua al barrio de Elejondo".

Kalejira horrek sekulako arrakasta izan zuen, eta jaietan sortu zen giro berri bat, ezberdina ordura arte egon zenarekin alderatuta. Gauzak hala, Udalak kuadrillen lehiaketa abiatu zuen hurrengo urtean, Gasteizen zegoenaren modukoa. Garai hartako kuadrilletan gizonak baino ez zeuden, eta guk izen euskaldun bat jarri genion kuadrillari eta gizon zein emakumeak sartu genituen, lehen kuadrilla mistoa izan zen. Lau talde atera ziren urte hartan: Euskotarrak, Trot-Art, El Follon eta Los Intocables. Azken talde hori hurrengo urtean desagertu zen, eta Dantza Lagunak agertu zen. Horiek izan ziren lehen kuadrillak, eta gero joan dira sortzen gainontzekoak. Lehen bi lehiaketak irabazi genituen, eta hirugarrenean Dantza Lagunak gailendu zen. Orduan, jende gaztea hartzen hasi ginen, eta berriro irabazi genuen. Euskotarrakena izan zen Amurrion egon zen lehen karroza, 1968. urtean.

Kuadrilla handituz joan zen hurrengo urteetan, eta danborrada egiten hasi ginen, Aretan egiten zen bezala. Hori izan zen bilakaera. Gero jende gazteagoa etortzen hasi zen, karrozak beti irabazten genituen, eta ondoren etorri direnek ere oso ondo egin dute.

Zein da kuadrillak azken urteetan izan duen bilakaera?

Alaitz Urreta Jimenez: Azken urteetan aldaketa handia egon da. Duela urte batzuk jende nagusia zegoen gehienbat kuadrillan. Bazeuden gazteak, baina ez hainbeste. Orain, aldiz, “gazte handiak” garenok hartu dugu taldearen gidaritza. Oso pozik gaude, trantsizio hori eman delako. Jende nagusiago horrek jarraitzen du kuadrillan, baina guk badaukagu nahi dugun bezala adierazteko askatasuna.

Meritxell Garcia Hernandez: Ere esan behar dugu kuadrilla ez dutela gazteek soilik osatzen. Belaunaldi guztien parte hartzea da ongi etorria. Batzuetan uste da jaiak karrozetara mugatzen direla, baina ez da horrela. Urte osoan zehar egiten ditugu gauzak.

Karrozak dira kuadrilla guztien epizentroa, baina jaietan ekintza gehiago egiten dira: poteoa, kalejira, kuadrillen jokoak… bakoitza bere kuadrillarekin doa eta ekintza horietan guztietan parte hartzen du. Horrez gain, jaien ostean beste bazkari bat egiten dugu Euskotarrakeko kideen artean, pertenentzia sentimendu hori mantentzeko, eta San Joseko jaietan ere egiten dugu afaria.  

Kuadrillan belaunaldi aldaketa ematen dela aipatu duzue. Zer nolakoa da kuadrillaren osaera gaur egun?

Martin Alvarez de Isusi: Uste dut geroz eta gazte gehiago gaudela lan egiten eta laguntzen, ahal dugun moduan, gure alboan dauden “gazte handiak” laguntzen (barreak). 17-18-19 urteko gazte asko gaude parte hartzen eta oso pozik gaude.

A.U.J.: Ados nago Martinekin. Ni edota Meritxell sartu ginenean nagusiegiak ziren kuadrilla gidatzen zutenak, ez ziguten uzten guk nahi genuen guztia egiten. Gauzak hala, etorri diren gazte berriei erakutsi nahi diegu nahi dutena egin dezaketela. Adinaren arabera gauza batzuk edo beste batzuk egingo dituzte, noski, baina erakutsi nahi izan dugu mundu guztia dela ongi etorria nahi duena egiteko.

M.G.H.: Txipa aldatzen saiatu gara, guztiei ongi etorria emanez. Belaunaldi guztiak dira ongi etorriak ekintza guztietara. Euskotarrak ez dira soilik gazteak, guztiak gara.

M.A.I.: Lehen Meritxellek esan duen bezala, kanpoan zaila da azaltzea zure festako kuadrilla ez dela astebururo zurekin ateratzen den lagun taldea. Kasu batzuetan jende berdina da, baina beste kasu batzuetan beste jende batekin ibiltzen gara urtean zehar.

M.G.H.: Gogoratzen naiz behin Udaleko bilera batera etorri zela partaidetza teknikaria. Bera ez zen hemengoa, eta azaldu behar izan genion zer ziren jai kuadrillak, eta oso zaila suertatu zitzaion ulertzea.

Zeren arabera bilakatzen zara kuadrilla bateko kide? Taldea hautatzen duzu edo taldeak hautatzen zaitu zu?

M.A.I.: Familia kontua izaten da askotan. Nire ama, adibidez, betidanik izan da Euskotarrak kuadrillakoa, baina egia da ere kuadrilla berriak sortzen direla, eta baita gaztetan Euskotarraken ibilitako batzuk beste kuadrilla batzuetara mugitzen direla gero. Zure lagun guztiak beste kuadrilla batean badaude, errazena da bertara mugitzea.

Arrate Ginea Barallobre: Nire lagun guztiak eta ni gara Euskotarrakekoak. Nire lagun bat Dantza Lagunakekoa zen eta betidanik nahi izan du taldez aldatu. Iaz utzi zioten pasatzen.

A.U.J.: Hori da, azken finean: zure gurasoak kuadrilla batekoak badira horretan sartzen dizute, tradizioa delako. Baina kasu batzuetan aldaketak egoten dira lagunengatik.

M.G.H.: Nire kasuan familia ez da Euskotarrakekoa, baina niri txikitatik jarri didate jantzia.

A.U.J.: Batzuetan gauza dibertigarriak gertatzen dira. Kuadrilla ezberdinetako bi kidek seme-alabak dituztenean, adibidez, pikea egon ohi da haurra zer kuadrillakoa izango den ebazteko (barreak).

Apirilaren 5erako antolatu duzue urteurren festa. Zer prestatu duzue egun horretarako?

A.U.J.: Hainbat gauza egin ditugu urteurrena baino lehen, dirua biltzeko batez ere. Egutegi bat sortu dugu, kuadrillako belaunaldi guztietako argazkiekin. Liburua duela hamar urte plazaratu genuen, 50. urteurrenean.

Belaunaldi guztientzako jaia prestatu dugu, egitarauko ekintzak horren arabera banatuta.

M.G.H.: 50. urteurrena egin genuenean oso parte hartze handia egon zen. Amurriotik kanpo bizi den jende asko bertaratu zen. Aurten nahiko genuke antzeko kopuruetara iristea. Horregatik planteatu dugu publiko guztientzako ekintzak barnebiltzen dituen egitarau bat, guztiok egoteko eroso.
Gure asmoa da omenaldi bat egitea kuadrilla sortu zuten pertsonei, eta txupinazoa jaurtitzea jarraian. Ondoren etorriko dira poteoa, bazkaria, haurrentzako jolasak… eta gauean asmoa da gure artean parranda egitea, iristen bagara (barreak).

Eta behin egun hori amaituta, beste jarduerarik egitea planteatu duzue?

M.G.H.: Pentsatzen gabiltza oraindik. Ikusi behar dugu zer modua gauden diru aldetik, guk finantzatu behar ditugulako jarduera guztiak, Udalaren dirulaguntza karrozara doalako osorik. Zeozer gehiago egiteko asmoa dugu abuztuko jaien testuinguruan, baina momentuz ekintzaz ekintza goaz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide