Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Nabaritzen dut abesti bat noiz den nirea, propioa”

Aimar Gutierrez Bidarte 2025ko api. 7a, 07:00

Musika ardatz garrantzitsua da Madalen Artetxeren bizitzan. / Aiaraldea.eus

Musikak inguratu du beti MADALEN ARTETXE (Amurrio, 2005). Belgorriko abeslaria izateaz gain, bakarkako proiektua ere abiatu du berriki Madalen izenpean, gordetako kantuak jendaurrean aurkeztuz; sorkuntzaz eta prozesuaz gozatuz.

Belgorri taldeko abeslari bezala ezagutzen zintugun, baina ez bakarlari gisa.

Ni Belgorrin hasi naiz jendaurrean abestiak aurkezten, baina betidanik ibili naiz Amurrioko Musika Eskolaren inguruan. Txikitatik aritu naiz musikaren munduan murgildurik, oholtza gainean… Kasualitatez aurkitu nuen bakarlari gisa nire burua aurkezteko aukera. Belgorriko abestiak Spotify-ra igo nahi izan genituenean konturatu ginen merkeagoa zitzaigula bi artista desberdinekin izena ematea plataforman (barreak).

Ni betidanik aritu naiz nire abesti propioak sortzen, eta lagunek askotan animatu naute horiek plazaratzera. Kasualitate hutsez aurkitu nuen hori egiteko bidea, eta esango nuke horrek bultzatu nauela publikoki bakarlari bezala agertzera.

Bi abesti plazaratu dituzu, Polillas eta Hainbat eta Hainbeste.

Asko ditut sortuak baina gaur gaurkoz bi grabatu eta publikatu ditut soilik. Ez dut logika zehatzik jarraitu zein abesti publikatu erabakitzean. Plazaratu nuen lehenengoa, Polillas, teknikoki sinpleena zelako erabaki nuen grabatzea. Abesti horretan ni bakarrik azaltzen naiz pianoarekin, ez nuen beste inor molestatu behar. Grabaketetan aritzen den lagun bat deitu nuen eta abestia grabatu genuen. Orain atera dudan bigarren abestiak Hainbat eta Hainbeste du izena, eta honetan lagun gehiago batu dira grabaketan. Jabi Palaciosekin grabatu dut abestia. Nik jotzen dut gitarra baina baxua eta bateria Palaciosek ekoiztuak dira. Abestian entzuten den gitarra elektriko bat, ordea, Eneko Albizua Belgorriko taldekidearena da. Beti nago zalantza berdinekin abesti bat sortzen dudanean. Badakit Belgorriko kideak beti egongo direla ni laguntzeko prest; zein punturaino inbolukratuko ditut nire proiektu pertsonalean?

Dikotomia horretan tokia bilatzen zabiltza oraindik orduan.

Egia da oraindik ez dudala oso argi, baina geroz eta gutxiago kostatzen zait. Nabaritzen dut abesti bat noiz den nirea, propioa; noiz nahi dudan niretzako gorde. Banoa neurria hartzen. Dena den, beti erakusten dizkiet nire sorkuntzak Belgorriko kideei, eta haiei ere eskatzen diet gomendioa. Behin eta berriz esaten didate azken hitza nirea dela. Aske sentitzen naiz alde horretatik. Gainera, nik idazten ditut Belgorriko abesti asko, eta hori egiten dudanean beste izaera batean sartzen naiz. Sei pertsonako talde batean pentsatzen dut, eta sei pertsonen gauzak azaldu behar ditudala.

Zer asmo duzu sortuta dituzun gainerako abestiekin?

Ez du pentsatu. Gutxika-gutxika noa. Pentsa Polillas duela urtebete grabatu nuen, eta duela hilabete eskas Hainbat eta Hainbeste. Gustatuko litzaidake gehiago grabatzea, baina oraindik ez dut ezer argi. Ondo sentiarazten didatelako sortu eta grabatzen ditut, eta horrela jarraitu nahi dut.

Zuzenekoetan ez duzu pentsatu oraindik.

Ez. Bakarlari batentzat kontzertuak bilatzea nahiko zaila da. Aldiz, Belgorrik tokia izan dezake edozei festa edo jaialditan. Hasieran aipatutako zalantzak datozkit kasu honetan berriro. Bakarka kontzertuak eskaintzen hasten banaiz, sartuko ditut nire lagunak banda bezala? 

“Isilean gordeta nuen nik gauza propioak sortzen nituela, eta publiko egitean konexio bereziak sortu dira”

Belgorriko Lukenek lagundu zaitu plazaratutako abestien iruditegia lantzean.

Bai. Luken diseinua eta marketina ikasten dabil. Berak primeran ezagutzen ditu nire gustuak, oso ondo ezagutzen nau eta primeran ulertzen du nahi dudana. Beti esan dit, bakarka zerbait egiten banuen, berak izan nahi zuela diseinuaz arduratuko zena. Bere esku utzi nuen dena. Banekien egiten zuena egiten zuela gustatuko zitzaidala. Oso pozik emaitzarekin.

Zer nolako harrera izan dute zure abestiek?

Ba bai. Egia esan nik beldur pixkat nion jendearen erantzun horri. Isilean gordeta nuen nik neure gauza porpioak sortzen nituela. Musika Eskolako eta gertuko lagunek bazekiten, baina handik haratago ez.

Abestiak atera ditudanean sentitu dut lotura berriak garatu ditudala hainbat pertsonarekin, bereziagoak. Jendeak beste modu batean ikusi nau, gertukoagoa. Lagunekin ere gertatu egin zaidan zerbait da. Nire alderdi hau aurretik ezagutzen zutenekin bestelako konexio bat neukala sentitzen nuen, orain askeago sentitzen naiz.

Euskaraz eta gaztelaniaz abesti bana plazaratu dituzu. Zein hizkuntzan sortzen duzu gehien bat?

Ez dakit, esango nuke azkenaldian abesti gehiago sortu ditudala euskaraz gaztelaniaz baino. Kontatu nahi dudanaren arabera. Adibidez, nire amonari abestia eskaini diot duela gutxi. Euskaraz idatzi dut, baina nire amonak ez du euskara ulertzen. Gorputzak euskaraz idaztea eskatu dit ordea. Hitzek ez dute esanahi berdina euskaraz edo gaztelaniaz.

Belgorrin abesten ikusi zaitugu orain arte, baina bakarkako lanetan instrumentuak jotzen entzun zaitugu ere.

Nire oinarrizko instrumentua pianoa da. Pianoa da txikitatik ikasi eta jo dudana. Pandemian ahizpak irakatsi zidan gitarra jotzen. Oso erraza iruditu zitzaidan, eta oso erabilgarria egunerokoan. Asko gustatzen zait orain gitarrarekin konposatzea ere.

Belgorriz aritu garela probestuz. Zer asmo dituzue datozen hilabeteetan?

Airean dagoen zerbait da. Izan ere, taldekide guztiak ikasten gabiltza gaur egun, Erasmusean atzerrira joateko garaia datorkigu… Gure plana konposatzen jarraitzea da orain. Momentu onean ikusten dut nire burua abestiak sortu eta idazteko une honetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide