Arartekoan kexa aurkeztu du Amurrioko Udaleko Langile Batzordeak Udal Gobernuak entzungor egin diolako langileekin biltzeari

Aimar Gutierrez Bidarte 2025ko api. 4a, 14:42

Amurrioko Udal Langileen Batzordeak kexa aurkeztu du Arartekoan. Izan ere, salatu dutenez, Udal Gobernuak entzungor egiten jarraitzen dio langileek negoziazio-mahaian biltzeko luzatutako eskaerari.

Amurrioko Udal Gobernuak uko egiten jarraitzen dio udal langileekin biltzeari. Gaur 50 egun bete dira negoziazio-mahaiaren inguruan biltzeko langileen ordezkariek eskaria egin zutenetik. Behargin publikoen hitzetan, honezkero iraungi egin da legez Udal Gobernuak bilera eskakizunari erantzuteko zuen epea. Hori dela eta, kexa aurkeztu dute gaur bertan Arartekoan.

"Udalaren jarrerak bultzatu egin gaitu Arartekoan kexa bat sartzera. Behingoz, Arartekoak presioa egin diezaion Udal Gobernuari, eta gurekin bil dadin", azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari Aitziber Alcalde Langile Batzordeko ordezkariak.

2023an amaitu zen ordura arte indarrean zegoen giza-baliabideen plana. Plan berria garatzeko asmoz, 2024ko apirilean batzartu ziren aurrenekoz bi aldeak. "Ordutik hona Udal Gobernua ez da berriro batzartu Langile Batzordearekin. Gainera, hainbat erabaki unilateralki hartu ditu, batzordeak egindako proposamenei entzungor eginez", salatu du Alcaldek.

Mobilizatzen jarraituko dute, Udalak negoziazio-mahaian eseri arte. Datorren ostiralean berriro elkartuko dira udaletxe aurrean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide