Aurten, Bastidako Ikastolari dagokio Araba Euskaraz jaia antolatzea eta ekainaren 15ean izango da, Gasteizko Olarizuko zelaietan. Dagoeneko hainbat ekimen antolatzen ari dira, motorrak berotzeko asmoz, eta gaur izan da horietako bat: 'Arabako Ikastolak etengabe martxan!' lelopean ibilaldiak antolatu dituzte Arabako zortzi ikastolek, Amurrion, Labastidan eta Argantzunen.
Goizeko hamaikak aldera, hainbat familia batu dira Amurrioko parkean, Guk eskulturaren parean, eta gaurko eguneko ekintza nagusiari hasiera emango zion txupinazoa jaurti baino lehen iragarri dute berria, alegia, datorren urtean Aresketa Ikastolak antolatuko duela Araba Euskaraz jaia, Amurrion. Era berean, Laudio Ikastolako "auzokideei" deia luzatu die Sierrak, hurrengoan haiek har dezaten lekukoa.
Horren ostean, ibilaldia egin dute familiek herrian zehar, eta ordu batak aldera heldu dira berriro irteera puntura. Bertan, haurrentzako jolasak, kafea eta txokolatea egon dira, musikak girotuta goizari amaiera emateko.
Datorren urtean Amurrion
2026ko Araba Euskaraz jaia Amurrion izango da. Hala jakinarazi du gaur goizean Aresketa Ikastolako ikasketa buru Isabel Sierrak, Amurrioko ekimeneko ekitaldi nagusian.
Argazkiak: Aiaraldea.eus eta Aresketa Ikastola.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!