ASUN JIMENEZ

"Pena handia ematen dit modu honetan kioskotik alde egin behar izateak"

Aimar Gutierrez Bidarte 2025ko api. 15a, 21:59

Maiatzaren 13a izango da Amurrioko kioskoaren azken eguna. / Aiaraldea.eus

MARIA ASUNCION JIMENEZ (Amurrio, 1961) Amurrioko kioskoan egon da goizero-goizero azken hamalau urteetan. Orain pertsiana ixtera eta erretiroa hartzera derrigortua ikusi du bere burua, alokairuaren prezioa ezin ordainduta.

Maiatzaren 13an erretiroa aurretiaz hartu eta kioskoaren pertsiana jaitsiko duzu betiko.

Hogeita sei urte dramatzat Amurrion lanean. Tren geltokiko tabernan aurrena, eta herriko kioskoan gerora. Uztailaren 1ean beteko dira hamalau urte kioskoan lanean hasi nintzela.

Pandemiaz geroztik %70 jaitsi dira salmentak. Egoera horren aurrean, urtero-urtero jo dut Udalera kioskoaren alokairua jaisteko eskatzeko. Niretzako nahiko altua da alokairuaren prezioa. Udalean ezezko borobila eman zidaten, ez zidatela alokairuaren prezioa aldatuko.

Iaz joan nintzen azkenekoz, eta ezezkoa berriro jaso nuenean, erretiroa aurretiaz hartzea erabaki nuen. Urtebete falta zait jubilatzeko, baina nahiago dut pentsioan zertxobait galdu kioskoaren gastuei aurre egin ezinda jarraitzea baino.

Prentsa idatziaren beherakada nozitu duzu.

Izugarrizko jaitsiera egon da, %70eko beherakada beherakada oso handia da. Erreparatuz gero, aldizkariak ere gutxi ditut erakusleihoan. Internet bidezko prentsa erabat gailendu da.

El Correo da nik gehien saltzen dudan egunkaria. El Correoren urtebeteko on-line bidezko harpidetza 50 eurokoa da; aldiz, egunkaria egunero egunero erosiz gero 64 euro gastatu behar dituzu hilabetean.

Jende nagusiak erosten du prentsa nagusiki, bezeroak hiltzen doaz, eta horrekin batera kioskoak baita ere. Gainera pentsioak baxuak diren garai honetan, jendeak ogia eta egunkariaren artean aukeratu behar badu, ogia erosiko du noski. Prentsa tabernan irakur daiteke.

Zenbatekoa da alokairua?

483 euro ordaintzen ditugu.

Udal zerbitzu bat da.

Bai, kioskoa Udalarena da. Udalari ordaintzen diot alokairua. Gero gastu gehiago ditut nik: autonomo-kuota, asegurua, gestoria… gastu horiek, gainera, alokairua bezala, igo egin dira azken urteetan KPIaren gorakadarekin batera, logikoa den bezala.

Zer argudiatzen du Udalak alokairua ez jaisteko?

Diote ezin dela alokairua jaitsi, kontratuak ez duelako hori ahalbidetzen. Kontratuak hori badio, ni puntu batera arte ados egon naiteke, baina aukera zuten alternatibaren bat eskaintzeko.

Udalak ez du inolako alternatibarik eskaini?

Ez didate ezer eskaini. Alokairua jaistea ukatu zidatenean diru-laguntzaren bat eman ahal zidaten galdetu nien, eta hori ere ukatu didate. Badira negozioei bideratutako udal-laguntzak, baina ez didate hori ere eskaini.

Alkateari zuzenean galdegin nion, ea aukerarik zuten niri alokairuaren prezioari aurre egiteko diru-laguntza bat ematea, eta nik dirua jaso beharrean zuzenean alokairutik deskontatzea, modu horretan Udalaren esku jarraituko luke dirua. Alkateak esan zidan ezetz, hori ezin zela egin.

Ez dut ulertzen. Laguntza asko ematen dira, eta nik ezin dut bakar bat ere jaso?

Zuk, egoera horren aurrean, nahiago izan duzu pertsiana jaistea.

Bai. Lehen aipatu bezala, nahiago dut jubilazio zertxobait txikiagoarekin erretiratzea hilabetez hilabete gastu handiei aurre egitea baino. Pena handia ematen dit modu honetan alde egin behar izatea.

"Pablo Isasi alkatea etorri zen gure bila Amurrioko kioskoa kudeatu genezan"

Nola hasi zinen kioskoan lanean?

Nire senarrak eta nik Amurrioko tren geltokiko taberna kudeatzen genuen. Josunek, kioskoko aurreko saltzaileak, erretiroa hartu behar zuenean, Pablo Isasi alkatea gure bila etorri zen tabernara.

Guk prentsa saltzen genuen tabernan. Garai hartan beharrezkoa zen lizentzia izatea egunkariak saldu ahal izateko, eta guk baimen hori genuenez, kioskoa kudeatzea eskaini zigun Pablok, Amurrio egunkaririk gabe geratu ezin zela argudiatuta.

Gure artean komentatu genuen eta aurrera egitea erabaki genuen, baina azpimarratzekoa da alkatea bera etorri zela gure bila kioskoa kudeatu genezan. Gaur egun, ordea, pertsiana jaitsiko dugu eta hemen ez da ezer gertatu.

Kartela eskegi duzu kioskoan zure erabakiaren berri emateko. Zer nolako harrera izan du albisteak?

Izugarrizko babesa jaso dugu herritarren aldetik. Mundu guztiak nahi du zerbait egin: salaketaren bat, manifestazioren bat… Bada Udalera alokairua jaisteko eskatzera joan denik ere.

Nik guztiei esan diet, nahi izatekotan egiteko, baina nire erabakia irmoa da, ez dut atzera egingo. Erretiroa hartzeko beharrezkoa dudan guztia martxan dago. Kartela eskegi nuenean erabakia irmoa zen, eta Udalak bazuen horren berri.

Zein izan zen Udalaren erantzuna?

Zinegotzi batek WhatsApp mezua zabaldu zuen azalduz kioskoak ez zuela gehiagorako ematen, asko egin duela behera idatzizko prentsak eta norbaitek kioskoarekin zer egin bazekien Udalarekin harremanetan jartzeko.

"Nik ahalegina egin dut herritarrek hainbeste estimatzen duten zerbitzua izaten jarrai dezaten".

Errealitatea da Amurriok zerbitzu-publiko bat galduko duela.

Herritarrek zerbitzua galduko dute bai. Ni asko mugitu naiz azken hilabeteetan herritarrak ahalik eta gutxien kaltetzeko. La Vitoriana okindegikoekin hitz egin dut haiek har dezaten prentsa zerbitzua maiatzaren 14tik aurrera, eta badirudi horrela izango dela.

San Joseko estankokoekin ere hitz egin dut, eta bertara bideratuko ditut kioskora astero etortzen diren hainbat bildumazale. Ikasturte hasieran hasi ziren bildumaren bat edo beste egiten, eta ez nuen nahi bilduma erdizka huts zezaten.

Nik ahalegina egin dut herritarrek hainbeste estimatzen duten zerbitzua izaten jarrai dezaten.

14 urte eman dituzu egunkariak saltzen. Denetarik ikusiko zenuen.

Oso harreman estua sortu da urte hauetan guztietan herritarrekin. Oso eskertuta nago jendearekin sortu ditudan harremanekin. Jendearen elkargune bilakatu da kioskoa urte luzez. Garai batean egundoko ilarak sortzen ziren egunkariak erosteko.

Lan sakrifikatua izan da. Urteko ia egun guztietan zabaldu dugu kioskoa, 362 egun urtean. Larunbat Santuan, Gabonetan eta Urte Berri Egunean itxi dugu soilik. Hotza edo sargoria, hemen egon gara beti, goizean goizetik. Baina eguneroko lan atsegina izan da.

Kioskoak desagertuko direla uste duzu?

Zoritxarrez bai. Kiosko bat ixten denean ez da berriro zabaltzen.

Zer plan duzu behin erretiroa hartuta?

Ilobez gozatzea, senarrarekin batera nonbaitera bidaiatzea eta bizitza bizitzea. Eskerrak eman nahi dizkiet bezero guztiei, urte hauetan guztietan nirekin egoteagatik eta eman didaten babesagatik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide