Eskualde bat, Aiaraldeak hamabost!

“Nire pasioa elkarbanatzeko aukera eskaini dit Aiaraldeak”

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko apirilaren 17a

Argazkilaritza da Chris Gomez amurrioarraren pasioa. / Aiaraldea.eus

CHRIS GOMEZ argazkilaira da, eta hainbatetan kolaboratu du Aiaraldea Komunikabidearekin. Bere pasioaz eta egiten duen lanaz mintzatu da gurekin.

Kameraren atzean ikusten zaitugu maiz. Nondik datorkizu argazkilaritzarekiko zaletasuna?

Txikitatik. Erabilera bakarreko karretedun kamerekin hasi nintzen inguruan nuen guztiaren irudiak egiten. Gerora aitonaren kamera analogikoa erabiltzen hasi nintzen eta beranduago egin nuen jauzi gaur egun ditudan Nikon eta bestelako kamera digitaletara.

Ikastaroren bat edo beste eginda dudan arren, autodidaktatzat daukat nire burua. Frogak bata bestearen atzetik eginez ikasi nuen argazki kamera ondo maneiatzen; YouTubeko bideoen edo garaiko Digital Camera bezalako aldizkarien bidez.

Nola definituko zenuke zure estiloa?

Oso pertsona sortzailea naiz. Asko gustatzen zait detailera jotzea argazkiak egiten ditudanean. Denbora asko daramat honetan, eta hori dela eta begia entrenatuta daukat argazki tzar bat identifikatzeko. Esango nuke ez naizela ohiko argazkilaria, beti saiatzen naiz irudiei buelta bat ematen, xehetasuna bilatzen; izan kirol argazkietan, izan argazkilaritza sozialean. 

Noiz ekin zenion Komunikabideko kolaboratzaile izateari?

Esango nuke Amurrio Club futbol taldearen argazkilari bilakatu nintzen une berean ekin niola Aiaraldea Komunikabidearekin elkarlanean aritzeari. Kirol-argazkilaritzan trebatzen ari nintzen orduan, eta, oraindik ere, gehienetan kirol-proben argazkiak egin ditut komunikabidearentzat.

Denboraldi oso bat eman zenuen Amurrio Clubeko argazkilari.

Lesio bat tarteko futbolean jokatzeari utzi behar izan nion. Ez nuen kirola nire bizitzatik alboratu nahi eta horregatik murgildu nintzen kirol-argazkilaritzan. Amurrio Clubeko atea jo nuen quid pro quo bat eskainiz: zelaira sartzearen eta taldearekin toki batetik bestera joatearen truke taldearen sare sozialak eta webgunea elikatzeko edukia sortuko nuen. Herriko futbol partida guztietara joaten nintzen, klubaren talde-argazki ofiziala ere nik atera nuen. Horrela eman nuen urtebete, baina utzi behar izan nuen, edo uztera behartu ninduten. Emakume bat nintzen gizonezkoei argazkiak egiten, eta orotariko iruzkin iraingarriak jasan nituen.  Ez zen batere atsegina izan. Argazkilaritzan emakume erreferenteak falta dira, eta are gehiago kirol-argazkilaritzan. 

Nola egin zenuen aurrera?

Gogorra izan zen, baina bestelako kontuetan argazkiak egiten egin nuen aurrera. Hasi nintzen argazkilaritza-soziala ukitzen, jaiak, ekitaldi kulturalak…

Txirrindularitzan ere aurkitu nuen tokia. Zentzu horretan oso eskertua nago Amurrioko Txirrindularitza Eskolak edota Mirari Gotxiren amak eskaini zidaten aukerarekin. Futbola atzean utzi eta ortzimuga berrien bila jo nuen. Duela urtebete pilotarekin ausartu nintzela, horrek ate berriak zabaldu dizkit ere.

Zer da argazkiak eskaini dizun gauzarik positiboena?

Jendearen esker ona. Zuk egindako argazkiak balioan jartzen dituztela ikusteak ez du parekorik. Norbaitek zuk egindako irudia etxean eskegi duela jakitea, edo zure argazkian oinarritutako tatuaia egin dutela entzutea… izugarria da.

Zer eskaini dizu Aiaraldea Komunikabidearen kolaboratzaile izateak?

Nire pasioa elkarbanatzeko aukera eskaini dit Aiaraldeak. Oso harro sentitzen naiz nire argazkiak hamabostekarian ikusten ditudanean. Tontakeria bat dirudi baina niretzat oso gauza garrantzitsua da, egindako lanaren isla da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide