Hainbat ekimen abiatu dituzte Amurrioko Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik, zerbitzua "hurbilekoa, prebentzioan oinarritua eta deszentralizatua" izan dadin.
Bi egitasmo zehatz nabarmendu ditu tokiko erakundeak. Alde batetik, azaldu dute gutun pertsonalizatuak bidaltzen hasi direla 75 urtetik gorako bizilagunei. “Komunikazio horren bidez, Gizarte Zerbitzuak etxeko bisita bat eskaintzen die, eskura dituzten baliabide eta prestazioen inguruan informatzeko, baita beharrizanen goiztiar detekzioa indartzeko ere”, azaldu dute.
Bilera Administrazio Batzarrekin
Bestetik, “laguntza-sare bat” sortu nahi dute Udaleko Gizarte Zerbitzuek landa-eremuan, eta lehen bilera bat egin dute horretarako udalerriko bederatzi Administrazio Batzarretako ordezkariekin. Modu horretan, “eremu bakoitzaren berezitasunak eta beharrak” identifikatu dituzte, eta “ekintza bateratuak ezartzea” ere adostu dute, “hala nola informazio-saioak, bisita pertsonalizatuak eta ahultasun-egoeran dauden pertsonentzako laguntza-ekimenak abian jartzea”.
Hala azaldu du Gizarte Ekintzako zinegotzia den Laura Fernandezek. Bere hitzetan, “etxez etxeko bisitak eta gutun pertsonalizatuak erabiliz" ez dute soilik "eskura dauden baliabideei buruzko informazioa" eskaintzen, "ahultasun-egoerak sortarazi ditzaketen edozein egoera garaiz detektatzeko" ere balio duelako ekimenak.