
Atari digital berria estreinatu du Amurrio Antzokiak. Webgune berri hori “urrats garrantzitsua” dela adierazi du Udalak, “udalerriko kultur komunikazioa modernizatzeko eta hobetzeko prozesuan”. Tokiko erakundearen aburuz, “aurrerapen nabarmena” eman da aurreko webgunearekin alderatuta, “diseinu berrituarekin, eduki gehiagorekin eta nabigazio askoz ere intuitiboagoarekin” baitago.
Ataria orain berritzea ez da ausazko erabakia izan. Izan ere, 20 urte betetzen ditu Antzokiak aurten, eta hainbat ekimen burutzen ari dira efemeridea ospatzeko. “Ikusle bakoitzaren esperientzia lehen kliketik hastea nahi dugu, eta gure aretoko funtzio bakoitza bezain gertukoa, abegikorra eta profesionala izatea", azaldu du Naiara Barallobre jaietako zinegotziak.