Dena prest Amurrioko San Jose auzoko jaiei ongi etorria emateko

Aimar Gutierrez Bidarte 2025ko api. 24a, 07:54

Orotariko ekintzak egingo dituzte auzoko jaiak ospatzeko. / Aiaraldea.eus

Ohiko osagaiekin eta betiko indarrarekin bueltatuko dira aurten ere Amurrioko San Jose auzoko jaiak: kontzertuak, herri bazkariak, dantza emanaldiak, txirrindularitza, umorea... Apirilaren 26tik maiatzaren 1era luzatuko dira festak, eta honezkero prest dute egitaraua. Amurrioko Gaztetxean ere kontzertuak egongo direla iragarri du Gazte Asanbladak

Urteroko zapore eta osagaiekin bueltan dira Amurrioko San Jose auzoko jaiak. Auzoko Jai Batzordeak buru-belarri igaro ditu azken aste eta hilabeteak, udazkenera arte luzatuko den jai maratoiaren lehenengo etapa antolatzeko. Apirilaren 26an, ostirala, jaurtiko dute lehenengo suziria, eta, orduan, festa giroak hartuko ditu  kaleak. Hain zuzen ere trikiti doinuekin alaituko dute auzoa babarrun janaren bueltan bizilagun guztiak elkartu arte. Bingoarekin bazkalostea igaro ostean, ohiko dantza erakustaldia eskainiko dute Zabaleko ikastetxeko frontoian 17:30etik aurrera.

Iluntzean musikarien txanda iritsiko da. Urduña eta Amurrioko gaztez osatutako Deriba taldeak estreinatuko du San Joseko oholtza. Jarrain La Polla Records eta Barricada taldeen banda tributoen txanda izango da. Azkenik, DJ Blessivek goizaldeko 5:00ak arte luzatuko du festa. Ohikoan bezala haurren eguna ospatuko dute biharmanuean, apirilak 27. Gaztetxoenek txokolate janaz eta haurrentzako jolasez gozatzeaz gain Xaiborren diskofestan dantzatzeko aukera izango dute ere.

Bi eguneko atsedenaldiaren ostean, apirilaren 30ean, asteazkena, bueltatuko da festa San Jose auzora. 21:00etan Txapela Brava eskualdeko talde sortu berriak kontzertua eskainiko du. Aurretik Bocabeats Comedia bikoteak umore ikuskizuna eskainiko du, 19:30ean. Lowe 1980ko hamarkadako bertsio taldeak eta DJ Varrok izango dute gauari segida ematearen ardura.

Klasikoa bilakatu den txirrindularitza lasterketarekin agurtuko dituzte San Joseko jaiak maiatzaren 1ean. Kirol-proba iraun biartean bermut dantzaldiaz eta igel-toka txapelketaz gozatzeko aukera izango dute auzoko bizilagunek.

Gaztetxea zabalik

San Joseko jaiekin bat eginez Amurrioko Gazte Asanbladak musika eskaintza oparoa antolatu du Amurrioko Gaztetxean. Apirilaren 26an rap doinuei emango diete protagonismoa. Lekeitiotik etorritako 48280 rapero taldeak eta tokiko raperoak biltzen dituen Streetlight kolektiboek bat egingo dute gune autogestionatuko oholtzan. Maiatzaren 30ean aldiz, NØT eta Belgorri taldeak arituko dira Gaztetxeko giroa astintzen, DJ radio patiorekin batera.

Gazte Asanbladako kideek aurraratu dutenez 21:30ean zabalduko dituzte Gaztetxeko ateak, eta kontzertuak 23:00etan hasiko dira bi egunetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide