
Txakolin Egunaren XXVI. edizioa ospatuko dute Amurrion datorren maiatzaren 25ean. Horrela iragarri dute gaur Arabako Txakolina Elkarteko kideek, Amurrioko udaletxean egindako agerraldian. Hitzorduak 2024ko uztaren emaitza dastatzeko aukera eskainiko du, eskaintza gastronomiko eta kultural zabal batekin lagunduta.
"Badira oso ondo lan egin duten upategiak, baina Jatorri-Deituratik ahalik eta zorrotz eta exijenteen izatera dagokigu"
Emaitza ona, baina ez aparta
Urte zaila izan Arabako Txakolina Jatorri-Deitura osatzen duten upategientzat. "Baldintza klimatiko oso txarrak pairatu ditugu, batez ere azken hilabeteetan", azaldu du Jose Antonio Merino Arabako Txakolina Elkarteko kudeatzaileak. 2024ko uztako ardo bakar batek ere ez du Jatorri Deiturak esleitutako kalifikaziorik altuena lortu. "Halaber oso on gisa kalifikatu ditugu ekoiztutako txakolin gehienak", nabarmendu du Merinok.
Arabako txakolinen %90,42ek lortu du "oso on" kalifikazioa. Ehuneko altua bada ere, ez da Jatorri Deiturak jarritako langara iristen, non ardoen %95 baino gehiagok jaso behar duen kalifikazio hori uztaren emaitza baloratzerako orduan. Hori dela eta, aurtengo ekoizpenaren balorazioa "ona" izendatzea erabaki du Jatorri-Deituraren kontseilu arautzaileak. "Badira oso ondo lan egin duten upategiak, baina Jatorri-Deituratik ahalik eta zorrotz eta exijenteen izatera dagokigu", azpimarratu du Jose Antonio Merinok.

Ospatzeko eguna
Ospatzeko motiborik, ordea, ez zaie falta Jatorri-Deitura osatzen duten upategiei, eta hori da, hain zuzen ere, maiatzaren 25ean egingo dutena. Igande horretan 11:30etan aurkeztuko dute Amurrioko udaletxeko areto nagusian 2024ko mahats-bilketaren emaitza ofiziala, eta 12:00etan jaurtiko dute festaren hasiera iragarriko duen txupinazoa.
XXVI. edizio honetan Txutxi Salutregi, Santi Barros eta Estanis Polancos omenduko dituzte. Hirurek ekapren handia egin dute Txakolin Egunaren antolakuntzan, eta "omenaldi berezi eta hunkigarria" izango dela aurreratu du Mariano Alava Arabako Txakolina Elkarteko presidenteak.
Ordu horretan zabalduko dute Amurrioko parkean atonduko den azoka eremua. Eskaintza gastronomiko zabal batek lagunduko ditu Arabako Txakolina ekoizten duten upategien postuak. Aurten, gainera, eskaintza gastronomikoa handitzeko apostua egin dute antolatzaileek, eta ohiko haragi, perretxiko, talo edota kroketa postuez gain, arrain errea ere eskainiko dute.
Jana eta edana ez dira festa eguneko osagai bakarrak izango. Belgorri taldeak kontzertua eskainiko du 13:00etan Guk eskulturaren aurrean kokatuko duten eszenatokian. Akerbeltz erromeriak izango du jaia arratsaldean luzatzeko ardura, 17:00etan hasi eta 20:00ak arte luzatuko den kontzertuarekin.
Tiketak erosteko aukera
Azken edizioetan bezala, tiketak izango dira janari eta edari postuetan baliatuko duten txanpona. Tiketak jai-eremuaren sarreran jarriko duten harrera postuan aldatu ahalko dira, baina antolatzaileek aurretiaz eskuartzeko aholkua zabaldu dute, "egunean bertan ilara luzeak ekiditeko".
Tiketak bihartik aurrera egongo dira eskuragarri Internet bidez. Amurrioko turismo bulegoan ere erosi ahalko dira tiketak, maiatzaren 15etik 24ra.
Kartela Ruko Graphic-en esku esku
Luken Alava (@ruko.graphic) amurrioarrak diseinatu du aurtengo Txakolin Eguna iragartzen duen afixa. Mariaka eta Mari Gabon erraldoien irudiak baliatu ditu ilustratzaile gazteak festa iragartzeko. "Estilo libre eta ez-formala baliatu ditut, Txakolin Eguna bezalako ospakizunek sorrarazten dizkiguten emozioak nabarmentzeko asmoz". Alavak erreferentzia egin nahi izan die ere txakolinaren jai-egunaren balio nagusietako bati, inklusioari: "adin guztientzako eta mundu guztiarentzako jai-eguna da".
