
Nazioarteko Itsaspeko Zinemaren Zikloaren (CIMASUB) geltoki bilakatuko da Amurrio maiatzean eta ekainean. Hain zuzen, Urpekarien Real Sociedad elkarte donostiarrak sortu zuen ekimena 1975ean itsasoen edertasuna zabaltzeko eta errespetua eta begirunea sustatzeko.
Horrela, urpean grabatutako film laburrak eta dokumentalak eskainiko dituzte doan maiatzaren 8an, 15ean eta 22an Amurrio Antzokian. Guztira hogeita bost film labur proiektatuko dituzte hiru egunetan. Batzuk Thailandian, Singapurren edota Polinesian grabatu dituzte, baina badaude ere Galizian edo Kanariar Uharteetan egin dituztenak ere.
Horrez gain, ekainaren 16tik 30era argazki erakusketa ere egongo da ikusgai La Casona eraikinean.
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek ere hitzordua izango dute maiatzaren 15ean, Txikiziklo proposamen pedagogikoa eramango baitiete hitzaldi eta proiekzioekin, gazteek ere jakin dezaten nola jokatu itsasoan.