Izaskun Bengoa garaile Espainiako Ipar Martxa Txapelketan

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko maiatzaren 13a

Izaskun Bengoa Azagrako helmuga-lerroa zeharkatzen. / I.B.

Ipar-Martxako Espainiako Txapelketa Indibiduala irabazi du Izaskun Bengoa amurrioarrak, Azagran jokatutako lasterketan nagusitasuna erakutsi ostean. Garaipenari esker Espainiako Kopako irabazle ere bihurtu da matematikoki, baina oraindik askoz gehiago dira Bengoak denboraldi honetarako dituen asmoak.

Ipar-martxako marka guztiak hausten jarraitzen du Izaskun Bengoak. Garaipen berria eskegi du bere palmaresean. Izan ere, Azagran (Nafarroa) jokatutako Ipar-martxako Espainiako Txapelketa Indibiduala irabazi du kirolari Amurrioarrak. Txapelketan parte hartzen duen bosgarren aldia da honakoa, eta irabazten duen bigarrena.

Maiatzaren 10ean egin zen txapelketa, Ebro ibai ertzeko udalerri nafarrean. "Etxetik gertu ospatu da Espainiako txapelketa, egunean bertan joateko aukera izan nuen. Ibilbidea ere ondo ezagutzen nuen, aurretik lehiatu egin naiz bertan", azaldu dio Bengoak Aiaraldea Komunikabideari.

Alerta laranjaren mehatxupean, baldintza meteorologiko gogorrengatik hitzordua bertan behera uzteko zorian egon baziren ere, zehaztutako irteera lerrotik abiatu ziren kirolari guztiak. Guztira 250 martxalari elkartu ziren Espainiako Mendi Federazioak (FEDME) antolatutako kirol-proban.

Izaskun Bengoak erakustaldi bikaina eskaini zuen. Hasieratik lasterketa buruan mantendu zen, aurkariei erritmo gogorra jarrita. "Hasieratik oso azkar atera ginen, eta distantzian aurrera egin ahala geroz eta tarte handiagoa atera nion bigarren sailkatuari", azaldu du Izaskun Bengoak.

Azkenean Veronica Jerez bigarren sailkatuarekiko bi minutuko aldearekin zeharkatu zuen amurrioarrak Azagrako helmuga-lerroa. Bengoa eta Jerezekin batera Noelia Bernardek osatu zuen podiuma.

Lorpen gehiago ortzimugan

Ipar-martxako Espainiako Txapelketa Indibiduala irabaztearekin batera Espainiako Kopa ere matematikoki irabazita dauka Izaskun Bengoak. Azagrako lasterketa Espainiako Kopako egutegia osatzen duten lau kirol-probetako bat izan zen.

Maiatzaren 10eko garaipenarekin Bengoak kopako egutegiko lehenengo hiru probak irabazi ditu, eta automatikoki izendatu da aurtengo garaile. Saria, ordea, ez du denboraldiko bigarren zatian jokatuko den laugarren kirol-probara arte altxatuko.

Halaber, denboraldiko lehenengo txanpa hau agurtzeko erronkarik ez zaio falta kirolari amurrioarrari. Hiru asteburu barru Ipar-ligako hirugarren lasterketa izango du. Ipa-martxako txapelketa berria da Ipar-liga, Aragoi, Errioxa, Hego Euskal Herrian jokatzen dena.

Udako etenaldiaren ostean iritsiko dira, ordea, Izaskun Bengoak aurten izango dituen erronka garrantzitsuenak: Espainiako Taldekako Txapelketa Huelvan eta autonomia erkidegoen arteko txapelketa Zeutan.

Bigarren hitzordu horretara Euskal Selekzioko ordezkaritzaren barruan joango da amurrioarra. "Iaz, bi txapelketa horietan garaile atera ginen, bai Euskal Selekzioarekin baita nire taldearekin ere, Crevillent", azaldu dio Bengoak Aiaraldea Komunikabideari.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide