Dantzak, kalejirak, bazkaria eta Azkena Rockeko kontzertuak izango dira Euskal Jaiaren osagai nagusiak

Maider Ramirez Martin 2025eko maiatzaren 14a

Eguerdian eskainiko du Aiara Dantza Taldeak emanaldia. / Aiaraldea.eus

Euskal Jaiko egitarau nagusia larunbatean izango den arren, kantukada eta pintxo pote berezia prestatu du Otxote Ugarte musika elkarteak bihar. Era berean, gaur da bazkarirako sarrerak erosteko azken eguna.

Euskal kultura Amurrioko kaleetara aterako dute beste behin asteburuan, urteroko tradizioari heltzeko. Larunbata izango da egun nagusia, eta egun osoko egitaraua prestatu dute horretarako hainbat eragilek. Dena den, bihar ere egongo da ekintzaren bat, Otxote Ugarte taldeak pintxopotea eta kantukada egingo baititu 19:00tatik aurrera.

Hainbat dira larunbatean herria hartuko duten ekintzak. Goizeko 10:00etan abiatuko da jaia, 14:00ak arte iraungo duen tokiko ekoizleen azoka jarriko baitute Elexondo pasalekuan. Geroxeago, 11:30ean, Urduñako Bihotza Konpartsako eta Amurrioko Txistuzaleak Elkarteko kideen eskutik, erraldoiek zeharkatuko dute herria, plazatik hasita eta dianek girotuta.

Eguerdia igarota, Aiara Dantza Taldeak ez dio urteroko hitzorduari uko egingo, eta dantza emanaldia eskainiko du plazan, 12:30ean. Kalejira abiatuko da ostean, plazatik bertatik, jai-giroa herriko kaleetara eramateko.

Herri bazkaria ere antolatu dute: 15:00etan izango da, parkean. Tiketak salgai daude 10 euroan Txokogorri tabernan, Batzokian eta Aiara Dantza Taldearen lokalean. Hori bai, oraindik ez baduzu zurea eskuratu bizkor ibili, gaur baita horiek erosteko azken eguna. 

Bazkalostean jolas eta musika giroa izango da nagusi. Dantza Lagunak kuadrillak bingo musikatua antolatu du parkean bertan, Kalaka jolasak egongo dira Guk eskulturaren inguruan, eta Mus Txapelketa Txokogorri tabernan.

ARF Tour: Azkena Rock-i begira motorrak berotzen

Musika eskaintzari dagokionez, Beranduegi erromeriak emango dio amaiera egunari, 22:00etatik aurrera.

Horren aurretik, ordea, Gasteizen ekainaren 19 eta 21a bitartean izango den Azkena Rock jaialdiko aperitiboa helduko da Amurriora. Jaialdia hiriburutik atera eta Arabako herrietan ere kontzertuak antolatu dituzte antolatzaileek azken lau urteotan. Aurten, Amurrion eta Bastidan izango dira zitak.

Larunbat arratsaldean, 19:00tan abiatuta, Letagin talde oñatiarrak hard rock eta stoner doinuak ekarriko ditu parkera. Nukore talde gasteiztar beteranoak ere astinduko du oholtza, metal alternatibo estiloko kantekin.

ARF Tourrak Bastidan jarraituko du ekainaren 14an, eta Nightwaves eta The Clayton taldeek joko dute bertan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide