
Chock Dee gimnasioak hiru udaleku mota eskainiko ditu judoa, kick boxinga eta dantza modernoa hobeto ezagutzeko. Horretarako herrian bertan bilatu dituzte trebatzaileak. Gauzak horrela, Nahikari Martinez tokiko klubeko eta Euskadiko txapeldunak bideratuko ditu judo udalekuak.
Dantza modernoari dagokionez, Amanda Sanchez izango da arduraduna. Hamabost urtez ikasi du amurrioarrak eta, besteak beste, Fama! A bailar telesaioko kanpalekuetan parte harte du.
Azkenik, Chock Dee gimnasio eta taldeko sortzaileak kick boxinga irakatsiko du. Ibai Ruizek Thailandian igaro ditu bolada luzeak Muay Thai teknika ikasteko eta borrokalari profesionala da.
Udaleku guztiek balioko dute 130 euro, bi aste iraungo dute eta 10:30etik 13:30era bitartekoa izango da ordutegia. Hori bai, adin ezberdinetako haur eta gazteentzat izango da saio bakoitza. Judokoa 5 eta 10 urte bitartekoentzat egingo dute, kick boxinga 5 eta 12 urte artekoentzat eta dantza modernoa 10 urtetik 13 urtera.
Kick Boxing egin nahi dutenek bi txanda izango dituzte: ekainaren 30etik uztailaren 11ra arte eta uztailaren 14tik 25era bitartean. Dantza modernoa ekainaren 30etik uztailaren 11ra arte eskainiko dute eta judoa uztailaren 14tik 25era arte.
Izena emateko 637 21 10 93 telefono zenbakiarekin harremanetan jarri beharra dago.