
Amurrioko udal langileek batzarra egin dute gaur erabakitzeko orain arte hamabost egunero egindako kontzentrazioak astero egingo dituztela. Horrez gain, maiatzaren 29ko udalbatzan, Txakolin Egunean eta Amurrio Antzokiaren 20. urteurreneko ekitaldian ere egongo direla aurreratu dute, euren exijentziak jakinarazteko.
Beharginek adierazi dute bide hori hartuko dutela udal gobernu taldeak ez dituelako bete hartutako konpromisoak. Hain zuzen, ELA, LAB eta ESAN sindikatuek azpimarratu dute apirilaren 10ean egindako bileran tokiko erakundeko ordezkariek esan zietela urtarrilean egindako proposamenari erantzungo zietela maiatzeko lehen astean, baina ez da gertatu.
Langileek aipatu dute oposizioarekin ere jarriko direla harremanetan eta egoera bideratzeko prestutasun eta borondate osoa izan arren, ez dutela baztertzen bestelako ekimenak abiatzea udal gobernu taldeak jarrera aldatzen ez badu.
Langileen aldarrikapenak
Argitaratutako oharrean udal langileek erakundeari eskatzen dizkioten puntuak zehaztu dituzte:
Zer eskatzen dugu? (langileen %74k sinatutako proposamena)
- Amurrioko Udalak eta alkateak gure langileon ordezkaritza onartu eta errespetatzea.
- Amurrioko Udalak udal langile guztiak berdin tratatzea. Udalak batzuei soilik egin die balorazio partziala, soldata igotzeko.
- Gure lan hitzarmena 2010ekoa da, eta berritu gabe dago. Eudel-en onartu gabe jarraitzen du, eta bitartean gure baldintzak adostu nahi ditugu.
- Lanpostuen azken balorazioa duela 35 urte baino gehiago egin zen. Premiazkoa da egitea (administrari laguntzaileek administrari lanak egiten dituzte, ofizioetako laguntzaileek eta “AP” mailakoak berdin...).
- 2012tik hona, KPIaren igoeraren eta Madrilek ezarritako soldata-mugen ondorioz, udal langileen eros ahalmena %20 jaitsi da. Amurrioko Udalak 85 langiletik 13ri soilik aplikatu die igoera hori. Gainerakoek, ordea, galera hori oraindik jasaten dute. Gure eskaera argia da: 2012ko eros ahalmena berreskuratzea, langile guztiontzat, modu eskalonatuan eta epe adostu baten barruan.
- 40 urtez udalean lanean egon diren lankideak esku hutsik joan dira. Orain arte aurre jubilatzerakoan konpentsazio bat zuten onartuta hitzarmenean. Epai batzuk ezeztatu zuten. Gerora, Aldundi guztiek, hiriburuetako udal guztiek eta hainbat
udalek, jubilatuko diren lankideen jakintzaren transmisioa egiteko konpentsazio sistema bat ezarri dute, inolako lege eragozpenik gabe. Gure lankideentzako eskubide berdina eskatzen dugu. - Jubilazioak ematerakoan lanpostuak ez amortizatzea (Arte Eskolakoak kasu).
Zer salatzen dugu?
- 2024ko apirilaren 22tik Gobernu Taldeak Negoziazio Mahaia blokeatuta du, eta erabaki unilateralak hartzen ditu bakarrik, eta nahieran.
- Gobernu Taldeak, eta alkateak, duela 2 urte plenoan onartu zuen lanpostuen balorazioa egitea. Toki askotan egin dute (Laudio, Urduña, Artziniega, Aiara...) eta udalak uko egiten dio. 35 urteren ostean gure lanpostuak baloratzeko eskubidea dugu.
- Gobernu Taldeak konpromisoa hartu zuen, aurre jubilazioetarako konponbide legal bat proposatuz gero, hori egiteko. Bada, badago, eta ez du egiten.
- Gure Udalhitz hitzarmena Eudelen adosten da. Alkatea Eudeleko exekutiban dago. Alkateak ez du betetzen ez Eudelek ezarritakoa, ezta estatu mailako TREBEP legeak ezarritakoa ere.
- Alkatea da langile guztien arduradun nagusia, ezin ditu horrela tratatu langileen ordezkariak, ezta plantillaren %74k sinatutako proposamena ere. Elkartzeko aukera bere ere ukatzen du.