Larunbatean jokatu zen Señora sariketaren bosgarren edizioko bigarren kanporaketa, Iurretako Montoste elkartean. Lau bertsolari bikote izan ziren kantuan: Irati Tolosa eta Joane Aldalur; Zihara Enbeita eta Idoia Anzorandia; Maddi Gallastegi eta Udane Mugerza eta Julen Eizagirre eta Ainhoa Comas.
Agur umoretsuen ostean, Jone Lizarraldek jarritako gaiei erantzuten aritu ziren bertsolariak. Irati Tolosa eta Joane Aldalur zarauztarrak nagusitu ziren, baina Bihotz saria, kasu honetan, Amurrioko bikoteak jaso zuen, Julen Eizagirre eta Ainhoa Comasek, hain zuzen.
Publikoak bero hartu zituen bertsolariak, 90 lagunek bete baitzuten Montoste elkartea.
Entzuleek eta parte-hartzaileek oso pozik bukatu zuten saioa eta antolakuntza taldea ere pozik agertu da saioak utzitakoarekin: "Oso bertsoaldi onak egon dira. Bertsolarien artean oso giro ona nabaritu da, beraien arteko kode konpartituak izan dira horren adibide. Berriro ere berretsita gelditu da bertsolaritza hegemonikoak kanporatu dituela bertsolari bikainak diren emakume eta genero disidenteak. Ea plazara jauzi egiteko aitzakia izan daitekeen aurtengo Señora Sariketa".
Maiatzaren 31n Iruñeako Zaldiko Maldiko Elkartean jokatuko da finala eta bertan arituko dira Aizpea Garmendiaren gidaritzapean, Malen Alzuart eta Amaia Elizagoien Eskoriatzatik sailkatutako bikotea, Irati Tolosa eta Joane Aldalur Iurretan sailkatutako bikotea eta aurtengo Ohorezko Señorak, Kristina Mardaras eta Rosi Lazkano.
Antolakuntzatik nabarmendu dute “deigarria" egin zaiela "Rosik eta Kristinak lehenbiziko aldiz abestuko dutela oholtza berean”.
Bazkariko eta saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke.