Final bat eta bi 'final four' jokatuko dituzte Zaraobe ST taldeek asteburuan Bañueta Kiroldegian

Aitor Aspuru Saez 2025eko maiatzaren 23a

Zaraobeko nesken taldeetako bat, artxiboko irudi batean.

Kimuek finala jokatuko dute larunbatean eta emakumezko zein gizonezko junior taldeek lauko finalak izango dituzte jokoan.

Zaraobe Saskibaloi Taldeak asteburu bizia izango du eta hitzordua jaia bilakatuko dute. Izan ere, Bañueta Kiroldegia hartu ez ezik, Basarte futbol zelaiko taberna ere irekiko dute. Horrez gain, zozketa ugari egingo dituzte.

Kimuen emakumezko taldeak lehen partida jokatuko du eta Arabako Txapelketa izango dute eskuragarri.

Gero emakumezkoen junior taldeen lauko finalak abiatuko dituzte Sugarrakek eta San Viatorek 11:00etan. Lehen finalerdiaren ostean amurrioarren txanda helduko da 13:00etan, Lakua Basketen aurka.

Euskal Ligara igotzea eskura

Erronka handiena gizonezkoen junior taldeak izango du, Espainiako Estatuko bigarren mailarako igoera lortzeko lehiatuko baita. Horretarako, lehenik eta behin, Isati taldea garaitu beharko du eta hurrengo egunean finalean nagusitu.

Bi lauko finaletako partidak 10:00etan eta 12:00etan izango dira.

Udaletxeko balkoira

Aintzat hartuta Amurrioko saskibaloirako historikoa izango litzatekela bere junior taldea Euskal Ligara igotzea, helburua betez gero, klubeko kideak eta jokalariak udaletxeko balkoira igoko lirateke 14:30ean, ospatzera. 

Gogoratu beharra dago igandean Txakolin Eguna ere egingo dutela eta jendetzak hartuko duela udalerria.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide