Euskadiko Autore Hanburgesen III. Lehiaketa egingo dute igandean Amurrion

Aitor Aspuru Saez 2025ko mai. 27a, 12:40

Gaur aurkeztu dute ekimena Amurrioko Udaletxean. / Aiaraldea.eus

Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako 50 parte-hartzailek eman dute izena eta bi kategoriako sariak egongo dira jokoan: hanburgesa tradizionalarena eta berritzailearena.

Igande eguerdian Euskadiko Autore Hanburgesen III. Lehiaketak Amurrioko parkea eraldatuko du 10:30etik aurrera. Izan ere, 50 harakinek euren produktuak eramango dituzte hara sukaldatzeko eta hamar adituk dastatuko eta sailkatuko dituzte.

Berez, EAEko 50 parte-hartzaile egongo dira eta bakoitzak bere hanburgesako sei ale ekarriko ditu. Sukaldari profesionalen esku utziko dituzte eta euren ardura izango da labean edo plantxan prestatzea, gero zatitu eta epaimahaikideek dastatzeko. Finalera heltzen ez diren hanburgesak publikoaren artean banatuko dituzte.

Lehiaketan aurrera egiten dutenek, ordea, eskura izango dute sariren bat lortzea. Hain zuzen, hiru banatuko dituzte kategoria bakoitzeko. Hanburgesa tradizionalarena eta berritzailearena izango di bi kategoriak. Tradizionalaren barruan egongo dira txerri eta txahal haragiz osatutakoak eta berritzaileek, aldiz edozein osagai izan dezakete. 

"Iaz piparrak edota antxoak izan zituzten hanburgesa berritzaile batzuek", aipatu du Jesus Carnicero ASELCAReko lehendakariak. Halaber, harakin arabarren elkarteko ordezkariak zehaztu du haragi orok Osasun Saileko etiketa izango duela, zer duen jakiteko.

Carnicerok gaur goizean egindako prentsaurrekoan hitz egin eta azaldu du lehiaketa hau orain arte Tolosan egin dela eta oso tresna egokia dela EAEn ekoizten den haragiaren kalitatea zabaltzeko.

Izaskun Gomez Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko zuzendariak aldarrikatu du erakundeak horrelako ekimenetan presente egon behar direla eta estrategia gehiago dituztela Eusko Jaurlaritzan trantsizio digitala, ingurumenekoa eta demografikoari aurre egiteko. 

Tokiko produktuak eta musika

Amurrioko alkateak, bere aldetik, azpimarratu du tokiko produktuek ere izango dutela bere tartea igande eguerdian parkean. Berez, Gwa Ya musika taldeak kontzertua eskainiko du 12:30ean, eta Barañano bermutaz, Artomaña Txakolinaz eta Troj garagardoaz gozatzeko aukera ere emango dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide